Xabier Etxaniz Rojo.
Maratila

Sorginduta gaude

2012ko urriaren 11
00:00
Entzun
Orain dela zazpi (!!) urte Sorginduta daude izenburua zuen zutabe bat idatzi nuen gure txoko honetan. Zutabe hartan Donostiako autobusetan jarri berriak ziren telebistei buruz mintzatu nintzaizuen, eta honako hau zen funtsean nire tesia: dena ari da aldatzen, eta orain bidaiariok utzi diogu leihotik begiratzeari, bizitza kanpoan dago, baina guk barrura begiratzen dugu, gorantz, sabaitik zintzilik dauden telebistetan jartzen dugu arreta, ordu erdiro errepikatzen den programazioari egiten diogu jaramon, eta hori ez zait gustatzen.

Zazpi urte geroago gauzak zeharo aldatu dira. Telebistek hor diraute, bai, baina bidaiariok apenas egiten diegun kasurik. Baten batek pentsa dezake aurrera egin dugula, telebista horiek guregan sortutako sorginkeria —alienazioa?—apurtzeko gai izan garela eta hori pozgarria dela oso. Bai, polita litzateke horrelako zerbait idatzi ahal izatea, baina gauzak bestelakoak dira.

Izan ere, bidaiariok jada ez baitiegu kasurik egiten telebista madarikatu haiei, baina leihotik begiratu gabe jarraitzen dugu. Orain, beherantz begiratzen dugu, esku artean daukagun smartphonean iltzatzen dugu begirada, nork bere tramankulua Internetera konektatzen du, eta mundua lau hazbeteko leiho batetik ikusten du.

Eta sarera konektatuta, mundutik deskonektatzen dugu. Burua telefonotik altxatu gabe, burua altxatu ezinik, harik eta jaisteko ordua iristen den arte.

Orain, gu gaude sorginduta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.