A ze astea eman diguten futbolarekin, ditxosozko Espainiako Koparekin. Tira: gaur, behintzat, badakigu Athleticek jokatuko duela finala, Bartzelona garaiezinaren aurka. Maiatz alde hartan izango da; hilabete asko ditugu tartean. Baten batek ordura arte bakea emango digutela pentsatzen badu, ordea, erabat okerturik dago. Finala nork jokatuko duten jakinda, soilik falta da finala non jokatuko den jakitea, talde bakoitzak nola prestatuko duen ezagutzea, ze entrenamendu berezi, ze dieta espezial, ze aisi egingo duten antzematea eta final handirako taldeko izarrak ze koloretakoak margotuko dituen oinetako azkazalak ikertzea —fetitxistak dira oso futbolariak—. Gauza egunerokoagoak jakitea ere falta da: nolako harrera egingo zaion erregeari, nola bizi den bere kontraesanekin erregeari txistu egin baina bihotzeko taldeak Espainiako Kopa —espainiarrentzat Errege Kopa— irabaztea desio duen gizaseme edo alaba —biologiko, adoptatu, sasiko edo dena delakoa—.
Gatozen presentera, baina. Ohiko jarraipen informatiboak gutxi balira bezala —ez zaizue iruditu tarteka Mirandes zela euskal taldea?—, ETB1ek igandean estreinatu zuen programa berri bat ere jarri zuten futbolaren zerbitzurako. Harian izena du erreportaje saioak. Eta Euskal Herriko txoko guztietara iristeko nahia azaldu dute arduradunek; adibidez, Miranda Ebrora—Krutwig poztuko litzateke—. «Euskaldunei interesatzen zaizkien gaiak» lantzeko nahia ere agertu dute. Futbola, noski, interesatzen zaigu euskaldunoi: Athletic-Mirandes finalerdiak 441.000 ikusle izan zituen Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, %43,5eko kuota.
Baina hainbeste gustatzen zaigu, zaleekin partida aurretik, ondoren, bi taldeetako jokalariekin erreportaje oso —eta gatzgabe— bat ikusteko? Junkie bati interesatzen zaio farlopaz hitz egitea, marrak hartu duen jaiduraz, zuriaren intentsitateaz, sudurretik gora egin dion kilimaz? Edo marra zuria sudurretik gora sartzea zaio interesatzen? Baina modan jarri dira orain kamera batekin oinezko anonimoak ehizatzera ateratzen diren programa horiek. Hainbeste saio, hainbeste katetan, izango da funtzionatuko duela norbaiten begietara. Ez, behintzat, nireetara. Eta, azkenerako, zalantza bat geratu zitzaidan: ustez euskaraz agertzen ziren lagun guztiak konputatzen dira euskararen ezagutzaren gaineko ikerketa eta halakoetan?
Komunikazioa. Ekografiak
Sudurretik gora futbola
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu