Xabier Etxaniz Rojo.
Maratila

Sutea

2012ko maiatzaren 24a
00:00
Entzun
Orain dela bizpahiru urte, itogin batzuen harira, gure etxebizitzaren azpian bizi diren etorkin hegoamerikarrei buruz idatzi nuen txoko honetan, eta gaurkoan, atzera ere hitz egin behar dizuet gure bizilagunei buruz. Izan ere, lehengoan susto ederra izan baikenuen. Gauaren erdian, sute batek ohetik altxarazi gintuen eta ziztuan hartu behar izan genuen kalerako bidea.

Antza, bizilagunen sukaldeko ke-erauzgailu zaharrak arazo elektriko bat izan zuen eta bertan metatutako olioari esker sukaldeak su hartu zuen. Bizilagunek, izuturik,korrika egin zuten alde, eta beste bizilagun batzuk izan ziren sutea amatatu zutenak. Geroago aitortu zigutenez, une hartan ez zekiten ez zer egin ezta nola jokatu ere. Gizajoek ez zekiten ezta larrialdi zerbitzuko telefono zenbakia ere. Baina tira, zorionez, suteak ez zuen eraikin osoa hartu, eta kalteak ez ziren sukalde kiskali batetik baino haratago joan. Gaitz erdi!

Harez geroztik, baina, gaizki sentitzen naiz. Orain, lehen ez bezala, bizilagun hegoamerikarren bizi baldintzek kezkatzen naute. Lehen banekien logelak behin eta berriro alokatzen zizkietela herrikide iritsi berriei, baina lehen ez bezala, orain bilakatu zait arazo. Orain, lehen ez bezala, kezkatzen nau nortzuk diren eta zertan dabiltzan ez jakiteak.

Bai, badakit. Suteak ez zion kalterik eragin gure etxeari baina arrazakeriaren suteak nire duintasuna erabat kiskalita utzi du.

Inork ba al du su-itzalgailurik eskura?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.