Ane Muñoz.
Maratila

Terraza batetik

2012ko martxoaren 2a
00:00
Entzun
Kalera irten besterik ez dago bizitza mugimendu etengabean dagoela ikusteko. Lagun batekin paseoan ibili ondoren, terraza batean jarri gara, eta hortxe jardun dugu, batak besteari kontu-kontari, eguerdiko eguzki epel gozagarriari izpi batzuk zurrupatzen genizkion bitartean. Halako batean mugimendua sentitu dut inguruan. Bizitza bera.

Goiko etxeko lehen solairuan zakur eder bat ikusi dut, guztiz itxita utzi dioten leihotik plazan jolasean zebiltzan bi zakurtxoei enbidiaz so. Gaixoak jabea lanean izango du, eta ez du gauera arte kalea zapaltzeko aukerarik izango. Orduan, bai, egunean bota ez dituen pixak gustura askatuko ditu horko farola horren ondoan. Bitartean, emakume estresatu bat alboan eseri zaigu, eta eskuz idatzitako paper zuri batean sinatuko genuen eskatu digu. Zer sinatzen dugu, baina? Nonbait auzoko baratzeak zeharkatzen dituen errekatxoa oso zikina dago, utzia, eta arratoiak dantzan omen dabiltza, ur usteldu horiek inork garbitzen ez dituelako. Sinadurak lortuta, oso harro azaldu digu herrian zer edo zer gaizki ikusten duenero bere kezka paper batean idatzi eta hor barrena ibiltzen dela sinadurak biltzen, nahikoak lortutakoan udaletxera eramateko. Hura joan ahala, ezagun bat hurbildu zaigu, zeharo kezkatuta. Eskuetan duen dermatitisagatik sendagilera joan denean, konturatu orduko, medikuak bizkarrean koskor bat topatu dio, eta zuzenean kentzera bidali du. Orain, gaixoak, eskuak minduta eta hainbat puntu bizkarrean, emaitzen zain egon behar. Emakumea sinadurak pilatuz doan bitartean, zakurrak jabea lanetik etortzea itxaron beharko duen bezala. Zer da bizitza, hori ez bada?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.