Elikadura. Eko-tik

Tokian tokiko jaki ekologikoak euskal eskoletan

2012ko urriaren 20a
00:00
Entzun
Eskola jantokiak baliabide aparta dira, arlo askotan. Egungo gizartean, ezinbesteko zerbitzua ematen diete gurasoei, eta umeen heziketan garrantzi handia dute. Gainera, tokian tokiko ekoizpenari lotuz gero, nekazaritza bultzatzeko tresna paregabeak dira.

Garapen iraunkorraren kontzeptua jaio zenetik, estrategia serio guztietan topa daiteke «eskola jantokiak-tokian tokiko nekazaritza ekologikoa» binomioa. Eskozia, Danimarka eta Italian, kasurako, herrialde mailako garapen estrategia modura planteatzen dute jantoki publikoak tokian tokiko jaki ekologikoekin hornitzea. Euskal Herrian ere badago adibiderik.

Biolurrek duela bost urte bultzatu zuen Ekolapiko proiektura bildu den azken ikastetxea da Zarauzko Salbatore Mitxelena ikastola. Sabrina Pato, Ekolapikoko nutrizio eta sukaldaritza aholkulariak azaltzen duenez, 2011n ikastolako jantokiaren diagnosia egin zuten, eta, horretarako, Biolurrera jo zuten laguntza bila. «Gabonetatik aurrera menuak lantzen hasi ginen. Bageneukan eredu bat , eta hura Zarauzko beharretara moldatu genuen. Eredua sasoitasunean oinarritua da; ondorioz, oso malgua da, eta aldaketarako bidea ematen du. Gainera, osagai guztiak sailkatuta daude, baita erabili beharreko kantitateak ere. Tresna horrek menuaren kostua zehazki kalkulatzeko bidea ematen du».

2011n, ikastolako 200 ikasleren gurasoek ume bakoitzeko 92 euro ordaintzen zituzten hilabetean. Diru horrekin, sukaldariak, laguntzaileak eta jantokiko begiraleak kontratatzen dituzte, lehengaiak erosteaz gain. Ikastolak koordinatzaile bat izendatuta dauka. Biolurrek produktuen hornikuntza koordinatzen laguntzen du. Biolurreko Josune Romok dioenez, hasiera batean, behintzat, gurasoek ordaindu beharrekoa bere horretan mantenduko da. «Urte hauetan ikusi dugu lehengai ekologikoei benetako garrantzia emanez gero menua zertxobait garestitzen dela. Baina kasu honetan menua guztiz moldatu dugunez, uste dugu prezioa ez dela aldatuko».

Romok dio aurten Ekolapikoren helburua dela harreman zuzenak lantzea: baserritarrak eskualdeka antolatzea, eskolen eskaerari erantzun ahal izateko. Zarautzen kasuan, menuaren araberako ekoizpenaren planifikazioa landu dute. Horiek horrela, Denis Mugika eta Ximon Ubera ortugileak sasoiko barazkiez hornitzeaz arduratuko dira; Goiabe okindegia, ogiaz eta pizzaz, eta Sabekoetxea, esne pasteurizatuaz eta jogurtez. «Printzipioz, ahalik eta produkturik gertukoena lortzen saituko gara. Haragia eta arraina Zarauzko dendetan eskatuko dira. Bertako patata eta tipula amaitzean, Arabako baserritar ekologiko bati eskatuko zaizkio».

Hasierako fasean, Biolurrek laguntza eskainiko du, baina eskolak autonomoak izatea da asmoa.

Nekazaritza ekologikoaz edozein zalantza edo galdera izanez gero:

Biolur-Gipuzkoa Nekazaritza Ekologikoaren Aldeko Gipuzkoako Elkartea.Tel.: 943-76 14 47

[email protected]

ENEEK - Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseilua.Tel.: 902-54 01 65

[email protected]
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.