Tira, azkenean ez da hainbesterako izan. 31 ordutik gora eduki gaituzte Okzitaniako Tolosako etxe bati begira, zer gertatuko, zer amaiera izango zazpi lagun hil dituen morroiari eginiko setioak. Eta bukatu da nahiko era motelean, piroteknia berezirik gabe, lehen minututik bukaera igarri diozun filmaren antzera. Esan nahi dut pelikula berez ona izan zitekeela, tentsio eta suspense handikoa, baina bukaera ez dela izan osoki borobila. Ez dakit, tiro gehixeago espero nuen —300 baizik ez ziren izan—, akzio gehixeago, gaiztoak nolabait ihes egitea ile horiko neska bat bahituta, luxuzko auto deskapotable batean. Eta hori dena irudi bitartez ikusi ahal izatea, noski, zuzen-zuzenean. Baina, kia, gaizkilea komunean babestu zen azkenerako, eta leihotik behera erorita —bala batekin buruan, gero— eman zuen azkena.
Eta arrazoi duzue, gai serioegia da ustezko txantxa tonuan aritzeko. Baina ulertuko didazue amorrua: ordu askotxo izan dira ordenagailu aurrean, kalitate eskaseko streaming batekin begi erreketan, kale hutsak eta jendarme beteak baino ikusten ez zirela. Ezen Internet bidez jarraitu baitut setioa, zuzeneko irudiekin, loari ere kenduz falta dudan denbora. Eta zer jaso dut trukean? Gauza gutxi, egia esan behar bada, tarte luzez bi poliziaren zozomikote aurpegia —eta bi polizia horien begiradak betirako geratuko zaizkit memorian iltzatuta, nire torturatzaileenak bailiran—; kazetarien barre karkailak ere bai, 300 tiroak baretu ondoren eta behin bertsio ofiziala jakin zutenean —«il a sauté, apparemment»—; hamarnaka polizia irribarretsu desfilatzen jarraian, auskalo nora, menu bat bazkaltzera edo; eta azkenerako jada, François Hollande, Nicolas Sarkozy presidentea eta gainerakoak adierazpenak egiten ari zirela, jende anonimoaren gerturatzea —horien artean oso itxura ederreko morrosko beltz bat, dena esan behar bada—.
Zirkurik egin ote den afera honekin guztiarekin? 31 orduko reality-a bizi izan dugun Okzitaniako Tolosako gertaeren harira? Beste moduren batean eman daitekeen gisa horretako gertaera bat? Uneoro hiltzen da jendea, zazpi baino gehiago ere batera, baina gertutasuna, hildakoak nortzuk diren, orobat tentsio eta suspensea, aldagai gehiago sartzen dira jokoan. Hori bai, gure esku dago gertaera bakoitzari bere tamaina ematea, hala ikusle saldoa erakarriko ez dela jakinik ere.
Komunikazioa. Ekografiak
Tolosako setioa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu