Aritz Galarraga.
Komunikazioa. Ekografiak

Ur uherretan airos

2012ko maiatzaren 29a
00:00
Entzun
Telebistari eskainitako zutabe honen urrezko arau bat hausten ari naiz, badakit. Arau horren arabera, hemen ez dugu hitz egingo —denbora galtzea delakoan— salbagarri ez diren gauzez, irakurleak zerbait profitagarria aterako ez duen telebista kontuez. Baina larunbat gauean gertatu zitzaidan: auskalo zergatik, Tele5era iristean planto egin zidan hatzak. Ados, telebistaren alderik makurrena da, ez ezagutza, ez informazio, ez entretenimendu: zirin hutsa. Baina kontua da Athletic-Barça partida atarian Espainiako ereserkiak jaso zuen txistualdiaz hitz egin zutela El gran debate saioan.

Imajina dezakezue saioaren nondik norakoa. Espainiako intelektualitatearen zulorik zuloena ordezkatzen duten etxeko tertulianoak —La noria saio aitzindarian minutu batzuengatik 1.500 eta 4.000 euro artean irabazten zuten berberak—, senperrenak eta bi esaten euskal eta katalan izenlaguna daraman ororen kontra. Horraino, gauzak normal. Harritu ninduena izan zen horien ondora ekarri zituztela euskal selekzioen aldeko lagun pare bat, eta katalan bat. Eta ez ditut aipatuko etxeko tertulianoek esan zituztenak; alferreko lana da. Baina gauzatxo bat esan nahi dut El gran debate saioan izan ziren euskal ordezkariez.

Hasteko, iruditzen zait bertara joatea ez duela merezi, ez dela ezer irabazten. Inor konbentzitu ez eta energia xahutzen dela debalde. Baina, tira, joatea deliberatuz gero, joan dadila, mesedez, ondo moldatzen den baten bat. Euskaldunak agertzen zirenean halako ezinegon batek hartzen ninduen; sofa bera ezeroso egiten zitzaidan. Kasu, zalantzarik ez dut beren eginkizunak ezin hobeki beteko dituztela, beharrezkoak dituela herriak eta hori dena, baina ez zuten balio eztabaidarako. Hobeto esan, ez zuten balio gisa horretako eztabaida baterako. Pilar Raholaz ari gara hitz egiten, Mamen Gurrutxagaz. Bakizue zertaz ari naizen, ezta? Ez naiz juzgu ideologiko edo antzekorik egiten ari; kontu erabat praktikoa da. Entzun zenuten katalana? Mozolo hutsa zen, agintean dauden neoliberal horien parekoa; erabiltzen zituen argudioetako batzuek gonbitolarria eragiten zuten. Baina lagunok, zer oratoria, zer erraztasuna, zer ondo defendatzen zen —defendatu, besterik ezin baitzen egin—. Eta, berriz diot, halako zirkuetara ez joatearen aldekoa naiz; baina joatekotan, arren, joan dadila ur uherretan airos ibiliko den norbait.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.