Eta, hala ere, izan da esan duenik 20 de octubre de 2011. Año Uno ETBk testuinguru politiko berrira egokitzeko egin beharko duen biraketaren lehen zantzua izan daitekeela. Tira, izango da gutxiago; ez zait iruditu inondik inora halako ezer, ez markatzen duenik oraingo lerroarekiko distantziamendua, ez izan daitekeenik etorriko diren agintari berrienganako keinua. Gauza da egin egin beharko duela, biraketa esan nahi baita; baina itsasontzi handiagoei denbora dezente gehiago utzi diegun bezala, har dezala lasai EITBk beharrezko denbora tartea. Baina ez dezala itxaron, mesedez, Espainiako irrati-telebista publikoak bezainbeste: gobernu aldaketa ekarri zuten bozak iazko azaroaren 20an jokatu arren, RTVEko zuzendaritza berria ekainaren 28ra arte ez baitzuten aukeratu.
Eta TVEz ari garela, kontu batek harritu nau asteon positiboki. Gogoratuko duzue igandeko hautes gauean zera egin zutela: PPko Antonio Basagoitiren diskurtsoa eman albistegi berezian, une berean EH Bilduko Laura Mintegi hitz egiten ari zenean, eta koalizio horrek PPk baino legebiltzarkide gehiago lortu zituela jakinik. Hori ez da, noski, pozgarria, baina bai TVEko albistegietako batzordeak jokamoldea asteartean bertan kritikatu izana. ETB2 ere antzeratsu ibili zen hautes gauean, hementxe aipatu genuen astearteko zutabean: Mintegi hitz egiten ari zen bitartean Basagoiti ere hasi zen hizketan, eta errealizazioak bigarrena lehenetsi zuen, hauteskundeetan laugarren indar, bigarren indarraren aurretik. Entzun duzue inolako kritika hotsik? Kasu honetan, ETBko langile batzordeak ezer esan du? Nik dakidala ez. Eta nahiago nuke oker banengo.
Baina BBC ezin prestigiotsuagoa ere polemikaren erdian dabil azkenaldian. Entzuna izango duzue akaso: kateak erabaki du ikertzea ea kateak berak ezkutatu zituen kateko aurkezle izar batek hainbat adingaberi egindako abusuak, eta ea biktimei ahots ematen zien dokumental bat zentsuratu zuten. Eta ez dakit zenbateraino izan daitekeen zintzoa, zenbateraino sinis dezakegun jokaldia, edo, aitzitik, izan daitekeen bada aurpegi garbiketa hutsa. Baina ez esan zintzoa izanez gero ez dela ariketa beharrezko, on, osasuntsua. «Autokritika» uste dut esaten zaiola.
Komunikazioa. Ekografiak
Uste dut esaten zaiola
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu