Eguzkia gainean dugularik, uztak onduko direlako itxaropenak eramaten gaitu, eta, udazken-neguko kronika hau bururatzean, tentaldi handia da bildumetara jotzeko.
Urte honen uztak botere aldaketak ekartzen ote ditu? Frantziako Sarkozyz izan den aseak haize berri bat altxatu zuen, eta horrek Ipar Euskal Herria gorriz koloreztatu: lehendabiziko aldia Historian! Frantzian integratzea esan nahi ote?
Munduaren errota bere zaluan jarraitzen ari da, eta aldaketak azalekoak baizik ez direla hainbat gertakarik erakusten digute. Egipton jokatzen dela mundu arabiarraren etorkizuna, badirudi: erlijioak, kontrariorik onartzen ez duena nagusituko al da armadako kastak jarri kontrariorik onartzen ez duen beste botere guziahaldunari? Siriako adierazpen latzek munduaren etorkizun izugarria islatzen dute. Nor da nagusi azken batean? Lobby militar-industrialak edonon libertate guztiak gainditzen ikusten dugu. Big Brother aipatuaren bideo kamerak edonon jarriak dira, eta finantzaren ondoriozko botereak bere bizi eta gobernuen jabetasun partekatu gabea finkatzen ari, begien bistan dugu aurten: Greziakoa, komeria ala tragedia?
Eta hemen? Irigaraik beste primadera batzuetan kantatzen zuena, «urak dakarrena, urak badoa… eta beti gu hemen». Jose Mendiague hazpandar hego amerikartua Arrokiagak Pastoralan jarriko du: iraganak gaurkoari begiak irekiarazi nahiz. Emigrazioa, exilioa, egungo funtsezko gaiak: miseriari ihes joan zirenak hemengoak ziren ere. Zelai zabaletan bizi berriak libre eraiki nahi zituzten. Ez zekiten indioei lapurtu lurretara zoatzila. Ez gara, gu ere, naturari lapurtu lurretan bizi?
Maratila
Uztailak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu