Jendaki berriaren eraikitzea hasieratik pentsalari eta iraultzaileen ametsa da. Mundu berri zuzenago baten sortzea ezkerrak aspaldian obratu nahi du: horretan da funtsean ezker nortasun horren zutabea. Euskal Herrian entusiasmo guti Hollanderen garaipenaren inguruan. Alta bada lehendabiziko aldia da Iparraldeko hiru probintzietan sozialistak nagusitzen direla. Mitterrandek bere proposamen aipatuetan, 54.ean, Euskal Herri departamendua hitzeman zuen. Hitza hits izan zen: Espainiako zerbitzuen presioa, «ETAren atzeko basearen» zapaltzeko, azalpen politikoetarik bat zen. Ikastolen estatutua eta beste kontu batzuk baziren ere, nekez hautsi-mautsi bilakatu zirenak.
Horren gogorapen ezkorra nagusi da oraindik hemen. Hollande jakobinismo zentralista berdintzaileari isuria ikusten baita. 1981ean aldaketa nagusi baten itxaropena bazen, hemen euskaltzale talde batek sustengatu zuena. Gaur egun, euskaltzale ofizialak behintzat isilik. Christiane Taubira anderea, Justizia ministro berria, solaskide on bat izan daiteke preso diren hainbat euskal herritarrentzat: bera Guyanaren independentziaren alde borrokatu zen garai batean. Belkacem izen bat ere aurkitzen da gobernukideen zerrendan, Marokon sortuak emakumeen eskubideekin batera ezberdintasunak uler litzake.
Frantziak daukan federalismoaren ukapen historikoan jarraituko al du? Seigarren Errepublika zuzenago, garbiago, modernoago baten bide xendra zerbait nabaritzen da. Kapital handiak sortu krisi honetarik zaharberritzerik eraikiko al dugu?
Maratila
Zaharrak berri?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu