Aritz Galarraga.
Komunikazioa. Ekografiak

Zalantzatik eta apaltasunetik

2012ko uztailaren 17a
00:00
Entzun
Asteburu luzexkoa izan dut Jon Sarasuaren gogoeta lasai irakurtzeko. Edo asteburu lasaia Jon Sarasuaren gogoeta luzexkoa irakurtzeko. Berdin dio. Honezkero ezagutuko duzue, agian, astebete darama sarean: euskal telebistaren, hots, euskarazko telebista espazioaren inguruko 19 puntuko hausnar mamitsua argitaratu duSarasuak. Ez hainbesteETBren ingurukoa, baina, ezinbestean, baita ere. Euskarazko telebista esparruaz serio eztabaidatzeko testu bat, azkenaldian gaiari buruzko proposamenik sendo eta interesgarrienetakoa.

Abiatzen da orain artekotik: telebista publiko-autonomiko baten monolaborantza landu da joan diren hiru hamarraldiotan. Eta kalitatean asmatu den edota behar besteko baliabideak bideratu diren eztabaidatzen hasi baino, aurrera begirako proposamena da gehiago, pentsatzeko modu honetan edo beste batean egituratu beharko litzatekeen euskarazko telebista espazioa. Sarasuaren proposamena, bistan da, bigarrenaren ildotik doa. Eta erakunde publikoen eta euskararen hauspo moduan sortutako Euskararen Gizarte Erakundeen arteko elkareragina bilatzen du .

Euskararen bilakaera, telebistaren arloan abiadura bizian gertatzen ari diren aldaketak eta pitzadura politikoa beste egoera batera pasatu izana dira Sarasuarentzat euskarazko telebista espazioaren eredu matriziala birpentsatzeko arrazoiak. Haren ustean, konbinatu beharko dira telebista publiko-autonomikoa, ekimen sozialek Euskal Herri mailako telebista kateak, tokian tokiko telebistak eta gainerako euskal hedabideen Interneteko telebista eskaintza, gutxienez. EITBk hartzen duen dirutza modu berri batean banatzea dakar horrek, auskalo dirutza handitzea. Bidea ez da, beraz, ETB indartsu bat egitea euskaraz. Multipolarragoa behar du izan ereduak, konbinatua.

Diru sailak handitu, joera juxtu kontrakoa den honetan?ETBri oraingo boterea, zentralitatea, are dirua kendu, gaur euskarazko telebista espazioa ia esklusiboki ETBrena den honetan? Prest egongo dira ETBkoak? Gizarte ekintzatik gauza interesgarriak sortzen dira, zergatik ez dute irismen zabalagoa hortik datozen proposamenek? Zergatik eremu batzuetan ez du arrankatzen? Sarasuak dioen gauza batekin, ordea, galderarik ez zait sortu: zalantzatik eta apaltasunetik tokatzen da orain proposamenak egitea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.