Ane Muñoz.
Maratila

Zenbat ordu egunak

2012ko urriaren 12a
00:00
Entzun
Badakit egunak hogeita lau ordu dituela guztiontzat. Baina ze ezberdinak diren horien iraupenak zereginik gabe dagoenarentzat, eta eguna ekintza ezberdinekin betetzen duenarentzat!

Atzokoa zeregin gutxiko eguna nuen. Lan gutxi eta, tira, ordenagailuaren aurrean bizpahiru ordu igaro ondoren, lagun baten urtebetetzeaz gogoratuta, oparia erosi ordez neure kabuz egitea pentsatu nuen. Dirua baino denbora gehiago dagoenean egiten dira halakoak. Kolore askotako plastilina zati batzuk hartu, eta lagunak etxean duen loro exotikoaren neurri eta itxura bereko erreplika egiten egon nintzen tarte luze batez. Hau denbora galtzea, neska! Keba, eskulanek burua ordenatzen laguntzen dute, eta puzzleak bezala, plastilinarekin aritzeak badu bere alde terapeutikoa.

En fin. Alferkeriak atrapatutako ordu tuntun haietan, ahizpa etorri zitzaidan burura. Ez dut ezagutzen hura bezain pertsona okupatuagorik. Goiz-goizetik etxetik kanpora, lanean, bileratan eta mandatuetan, eta, iluntzean, erosketak egin, eta ahalik eta azkarren etxera, biharamunekoak prestatzeko. Bazkari-afaria, arropak garbitu, etxea txukundu... eta hori gutxi bazen, txandala jantzi eta hain gogokoak dituen beste hainbat ekintzei ekiten die gauerarte. Nekatuta dagoela? Jakina, zutik jatea besterik ez zaio-eta falta!

Eguna nola zeraman jakiteko deitu nion, baina ez zegoen etxean. Normala. Ilobak hartu zuen, eta, ene!, harena bai erritmoa: eskolatik irten eta 20 km-ra daukan antzerki ikastaroan izan zen. Handik bueltan, bazihoan presaka dantza eskolara. Eta gero… Ño, etxe horretan egunak zenbat ordu!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.