Aurelia Arkotxa.
Maratila

Zeta

2012ko ekainaren 13a
00:00
Entzun
Ekainaren 10a. Marcadau ibarrean barna noa. Goiza. Goizeko ihintzak perlaztatzen belar izpi laburrak. Iduriz, aro ederra zaigu heldu. Inguruko mendien kaskoetan elur errestoak. Pinpilin pausa ttipi azulak, hegaldaka lorez lore. Kolore bakana dute hegalek: histuz doan azul eder eder bat. Behi gizen zurixkak berriki behereko ibarretarik belai hauetara helduak dira, beren urteroko bidaian. Bikote bat bata besteari lepoan hazka egiten ari. Marcadau errekaren burrunba. Ur jauziak purrustaka kaskoetarik. Belaietan primadera bere hastapeneko freskuran balego bezala. Uda urrun dela iduri. Arrokazko bidea, oihanak. Maldan gora eztiki. Wallon-Marcadau mendiko aterpe gotorra 1865ko alturan. Hotza. Haizea. Eta izerditan naiz. Aterpean aldatzen naiz arropaz. Mahai eta aulki luzeak. Hiru zaintzaile-sukaldari. Besterik nehor ez. Liburutegi ttipi bat muntatua da kantoi batean. Liburuak berriak direla ikustean estrainiatzen naiz «atzo ekarriak ditugu» dio neskak. Alessandro Bariccoren Seta hautatzen dudalarik bizardunak: « … historia ederra... tu l'as lu toi? ... » -galdegiten dio gazteagoa den gizonari-«... Non!..». Leitzen dut : « … zeta-harrez, arrautzez, Piramideez eta ontzizko bidaiez ari den kondaira» dela... Hervé Joncourrek non zen Japonia jakin nahi izan zuelarik Baldabiouri zion eskatu. Eta Baldabiouk bere makila altxatuz gora, Saint-Augusteko teilatu gainetarik urrunagoko eremuak erakutsiz hau erantzun zion : «... Han duk, hara buruz joanez, beti zuzen... munduaren hondarretaraino... han, irla bat bertze irlez egina... ». Arratsaldez, maldan behera itzultzean. Han, beherago, Marcadau ibarreko behi gizenak etzanak zeuden. Bakean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.