Arlo ezberdinetako jakintza erakunde eta leku askotan jorratzen da; zientziaren jakintza nagusiki unibertsitatean eta zentro teknologikoetan lantzen da. Unibertsitatearen zereginik nagusiena irakaskuntza da. Badakit askorentzako ikerkuntza ezinbestekoa dela, baina ez dezagun ahaztu, ikaslerik ez badugu egindako ikerkuntza ez da unibertsitatekoa izango, ikerkuntza-zentro batekoa baizik. Aurreko garaietan unibertsitatearen zereginak bi zirela onartu izan da: irakaskuntza eta ikerkuntza. Baina bada denbora dezente beste eginbehar garrantzitsu bat ere baduela askoren ahotan dabilela, eta horri esaten zaio Hirugarren eginkizuna edo xedea. Zer izango litzateke hirugarren zeregin edo egiteko hori? Unibertsitatean lantzen den jakintza gizarteari helaraztea, gizartearekin dituen harremanak sendotuz, eta komunikazio-bidea erraztuz. Horretarako enpresa-unibertsitate harremanak landu behar dira ere, askotan esaten baita unibertsitatea enpresatik urrunegi dagoela.
Gizarteari egiten duguna azaltzeko modu bat dibulgazioa ere bada, eta hor kokatu nahi dut gaurko zutabe hau. Gure gizartea teknologiaz inguraturik edo hobeki esanda teknologian murgilduta dago. Teknologia horren aplikazioak etengabe erabiltzen ditugu, askotan zertan oinarritzen diren ongi jakin gabe.
Zientzialariek (eta orokorrean edozein jakintza arloko jakitunek) gizarteak eman diena (hezkuntza) eskertu eta berriro ere gizarteari itzultzea ongi dago, eta modu bat zientzia dibulgatzea izan daiteke, baina duela gutxi kimikaren arloko aldizkari batean zor horren ordainaz hausnarketa bitxia irakurri nuen. Ongi da gure lana eta emaitzak gizarteari helaraztea, baina ez gizarteak fiskaliza gaitzan. Batzuen ustez, diru publikoa jasotzen bada ikerkuntza hori egiteko, dirua ematen duenak ikerkuntza hori kontrolatzeko aukera izan beharko luke, eta hori arriskutsua gerta daiteke.
Oso demokratikotzat uler daitekeen arren, gizarteak orokorrean ez luke adituen lana kontrolatzeko edo deusezteko atea zabalik izan behar. Zer ikertu, nola eta nork adituen esku egon beharko luke, agintari publikoen onarpenarekin eta kontrol estuarekin; baina dakienak erabaki behar du dakienaz. Eta zenbaiten ustez dibulgazioaren helburuetako bat gizarteak orokorrean ikerlarien lana kontrolatzea ere izan daiteke, eta hori da onartu ezin dena. Zientziaren dibulgazioa oso ona da, eta jarrai dezagun horretan, baina beste helburu arrarorik jarri gabe.
Gurean, gaur bertan dibulgazio zientifikoarekin lotutako sariak banatuko dira, CAF-Elhuyar sariak, hain zuzen ere. Era horretako ekimenak sustatzea eskertzekoa da, eta are gehiago zientziarekin zuzenki hain lotuta ez dagoen enpresa pribatu bat tartean egotea. Badira ia 20 urte sari hauek indarrean daudela. Eremu ezberdinetako dibulgazio-lanak saritzen ditu, bai doktore tesien bitartez egindakoa, kazetaritzan egindakoa, edo gazteentzako idatzitako narratiba zientifikoa. Aurten hirugarren aldiz sari hauekin batera bizitza osoan zehar izandako ibilbideari ere saria emango dute. Duela gutxi arte, behin baino gehiagotan zientzia euskaraz behar bezala lantzeko arazoak daudela entzun izan dugu, eta era honetako ekimenek garbi adierazten dute hori ziotenak oker zebiltzala. Euskarak ez du inongo arazorik zientziaren hizkuntza ere izateko, eta hori lortzeko jende askok egin du lan handia urteetan, bai material didaktikoa prestatzen, bai dibulgazio zientifikoa jorratuz eta abar.
Oraindik sariak banatu ez badira ere, nire zorionik beroena saridunei eta eskerrik beroena honelako ekimena aurrera daramatenei.
Ezarian. Zientzia. Argi Aldian
Zientziaren dibulgazioa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu