Aritz Galarraga.
Komunikazioa. Ekografiak

Zorionak, ETB

2012ko maiatzaren 22a
00:00
Entzun
Igandean bete ziren 30 urte Eusko Legebiltzarrean EITB sortzeko legea onartu zenetik. Euskadi Irratiaren emanaldiak 1982ko azaroaren 23an hasi ziren. Euskal Telebista, berriz, abenduaren 31n ikusi zen estreinakoz, gauerdiko hamabietan. Hurrengo urteko otsailaren 16ra arte, ordea, emanaldia ez zen erabat arautu. Trakets idatzitako—itzulitako?— prentsa ohar batean, gaineratu dute gizarte demokratiko baten eskakizunak betetzea eta euskararen normalizazioa sustatzea izan delaEITBren gidalerroa. Zorionak, beraz, EITBri bere osoan, eta zorionak, partikularki, ETBri. Edo ez hainbeste.

30. urtemugaren aitzakian —pentsatzen dut nik—, hogei hilabetez EITBko zuzendari nagusi izandako Jose Maria Gorordoren iritzi artikulua ekarri zuen igandean bertan El País egunkariaren Pais Vasco edizioak. ETBko zuzendari izan zen Gorordo, bai, baina ez 82ko sorrera haietan, geroago baizik —eta, ondorioz, ez dut ulertzen zergatik aukeratu duten 30 urteak gogoratzeko—. Geroago izan zen zuzendari, ETB2ren sorreretan, hain zuzen. Ez alferrik, Gorordo izan zen gaztelaniazko katearen bultzatzaile nagusietako bat ——«Tuve que emplearme a fondo. Les dije que la televisión saldría, aunque fuese con la oposición de Ardanza», esan izan du inoiz—.

Gauza interesgarriak esaten ditu Gorordok artikuluan—gehienak aurretik beste nonbait esanak, hori bai—. Adibidez, ETB2 katea 1986an sortu zela TVEren monopolio informatiboa bukatzeko helburuarekin. Eta arrazoirik ez zaio falta. Baina monopolio hori bukatzeaz gainera, ez du esaten ETB2ren jaiotzarekin beste gauza bat bukatu zela: ETB1 edo, nahiago bada, euskarazko telebista publiko indartsu konpetente duin bat inoiz izateko aukera. Txisteak, ordea, grazia erdirik ez luke, Gorordok jarraian zera gehituko ez balu: autogobernua eta euskara babestea «EITBren ezin utzizko helburua» dela; eta ondoren erantsi «gaztelania ETB1en sartzeko iniziatiba parlamentarioak» planteatzen direla orain, betiere krisiaren aitzakiarekin: «Ausarkeria iruditzen zait». Gutxienez kuriosoa da hitzok norengandik eta gaztelania ETBn sartu zuen pertsonarengandik irakurtzea. Horregatik, hau guztia txiste txar bat den irudipena daukat. Baina ez bakarrik iritzi artikulua, baizik eta ETBrekin gertatu dena eta gertatzen ari dena azken urte hauetan guztietan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.