Xabier Lasa.
Komunikazioa. Uhinetatik tiraka

Zurikeriarik gabe

2012ko urriaren 28a
00:00
Entzun
Kultur transmisioa. Igotz Alkorta kazetari gazteari egokitu zaio Mondragon Unibertsitateak antolatu ohi duen Euskal Kulturgintzaren Transmisioa aztertzea astez aste, ekaina bitarte; han aireratzen diren hausnarketak denak irentsi, eta guri xehatuta ekartzea (ostegunero 21:00etan, eta larunbatero 21:30ean). Artean albistegietan zaildu den ahots bikaina izanik, euskaraz primeran trebatzen den kazetaria da Alkorta. Datorrenean Mari Karmen Garmendia eta Jose Agustin Arrietaren gogoetak jasotzea egokitzen zaio.

Arrenkura logikoa. Zintzoa izan zen Iñaki Oiartzabal (PP) astelehenean, barruko mintzoa askatuz. Emaitzen balorazioa eskatu zioten Boulevard-en, eta zapla!, irrati horretan tertuliakideen kanpaina egon dela bere alderdiaren kontra salatu zuen garrazki. Ez da ohikoa, aurrean duen komunikabide horri kritika gordina eginez sumatzea politikorik. Artistak baitira zurikeriatan, diplomaziaz edo hezi-legez mozorrotzen badute ere. Egiatan, Boulevard edo Ganbara-ko tertuliakideen joera ideologikoa aztertzen hasita, edonor ohartuko da bozetan lehen eta hirugarren irten diren alderdiak direla zentralitatea osatzen dutenak, eta gainerakoei soberakinak jasotzea egokitzen zaiela; historikoa da osaketa era hori EITBko eztabaida politikoetan. Are ulergarriagoa egiten zaigu Oiartzabalen arrenkura: PSErekin gobernu hitzarmena lotu zutenean euren satelite bat kolokatu zuten REko zuzendaritzan, baina ikusi da zertarako!

'Piano-piano'. Temati izatea eta pazientzia kontua. Epeka etorriko omen da tortura herri honetan praktikatu dutela onartzea. Hala sinetsi beharko, Olatz Barriuso eta Carlos Carnicero tertulianoak lehengo astean entzunez gero Ganbara-n; haien iritziak, urtetan adituak, geureak bezain ezagunak egiten zaizkigu kasik. Nork daki: Estrasburgoko sententziak babesten duena solaskidea delako (Martxelo Otamendi), irratsaioan bertan parte hartzen ari zelako, edo eta, iraganean ETAren indarkeriak ustez bere kontra egiten zen guztia zilegitzen zuelako eta horrek jendaurrean begi bistakoa aitortzea galarazten zielako… Kontua da euren ahotatik urteotan inoiz atera ez zaizkien hausnarketak jaurti zirela: lege antiterrorista larrutu zuten biek ala biek, gizaki bat bakartzea metodo gisa berez dela tortura (psikologikoa, hasteko) esanez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.