Matxismoa berresteak berekin dakar hark berak sortutako errealitatea ukatzea; horixe du ikusezin bihurtzeko modua, egiten duen egintza orotan seinalatzen duen gizarte batean. Inori bere gorputzari buruz esanikoak, laudorio bihurtu; tratu txarrak, bikoteen kontutzat jo; homizidioa, jelosiaren edo alkoholaren ondoriotzat hartu: horiek guztiak dira matxismoak bere gezurrari eustearren egiatzat aurkezten duen horren parte. Berdin dio urtean 70 emakume erailtzen dituzten, eta 700.000ri tratu txarrak ematen dizkioten; azkenean, matxismoarentzat, kasu horietako bakoitza ezbehar bat da, edo aitzakia bat.
Matxismo horren eraginez, Europako Batasuneko biztanleen %3k adierazi dute genero indarkeria justifikatua dagoela zenbaitetan, eta %1ek esan du justifikatua dagoela beti (Eurobarometroa, 2010). Kulturak sorturiko erreferentzia horietatik abiaturik, erasotzaile bakoitzak bere indarkeria estrategia garatzen du, besteena ez bezalakoa, nahiz eta guztiek helburu berbera izan: emakumeak kontrolatzea, ezarritako gidoitik irten ez daitezen; emakumeak zuzentzea, aginduetatik desbideratu direla uste izanez gero; eta emakumeak zigortzea, desbideratze hori larri samarra izan bada. Indarkeriaren dinamikak berak erakusten du, argi eta garbi, erasotzaile bakoitzak bere erantzuteko modua duela emakumeen hainbat portaera eta jarreraren inguruan, eta egintza bakoitzaren inguruabarrei dagokienez. Eta, ikusirik gizartea aldatzen ari dela eskubide gisa onartu eta defendatu duelako Berdintasuna, konturaturik emakumeak eta feminismoa apurtzen ari direla haien pribilegioen iturburu den desberdintasun bidegabea, eta egiaztaturik orain arte ukatuak izan zaizkien espazio eta funtzioetan normal-normal sartzen hasiak direla emakumeak, matxistek beren kokagunearen kontrako erasotzat hartzen dute bestelako errealitate hori, eta ohiko argudioa erabiltzen dute erantzuteko: indarkeria.
Horregatik, ez da kasualitatea matxismoak aurre egitea Lege Integralari —genero indarkeriaren arazoari globalki heltzen dion araua—, eta jendea nahasten ahalegintzea argudio iruzurtiak erabiliz: hala nola salaketa faltsuak —egiaz, %0,01 dira, Estatuko Fiskaltza Nagusiaren eta Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren arabera—; ez da kasualitatea esatea indarkeria mota guztiak direla garrantzitsuak; emakumeek ere ematen dituztela tratu txarrak; gizonen kontrako lege bat dela; edota, egiaz, aberastu egin nahi dutela indarkeria horren bidez .
Sekula ez dira arduratu ez bestelako indarkeriez, ez emakumeek ematen dituzten tratu txarrez, ez eta gizonek gizonen kontra egindako erasoaldiez ere… harik eta genero indarkeriaz hitz egiten hasi arte; izan ere, beren ordena ezarri horri eusteko hain beharrezkoa duten baliabidea galtzeak arduratzen ditu, emakumeen kontrako indarkeria hori galtzeak. Hain dute beharrezkoa, non, 2015eko makroinkesta baten arabera, emakumeen %44k ez baitute salatzen, uste dutelako sufritzen ari diren indarkeria ez dela behar bezain larria; alegia, uste dutelako indarkeria hori «normala» dela bikote harremanetan. Eta normala dela ez die esaten X kromosoma bikoitzak, ez eta odolean dabilkien estrogenoak ere, baizik eta paralizatzeraino eragiten dien kultura matxista horrek. Matxismoaren erantzun hori ez da ez abstraktua eta ez inpertsonala, baizik eta matxista bakoitzaren erantzun koordinatua. Eta erraz ulertzekoa baldin bada erantzun indibidual bat egotea Berdintasuna hizpide duten aldaketa sozialen inguruan, orobat erraz ulertzekoa da indarkeria lehendik darabilten erasotzaileek nork bere erara erantzutea bere harremanari dagozkien inguruabarren eta unean uneko testuinguru sozialaren arabera. Hortik, gero, haietako bakoitzak bere eraginen arabera taxutzea bere jokabide kriminala.
Genero indarkeriagatik hilketa bat gertatzen denean, oso bestelakoa da albistearen eragin soziala. Eta bere andrea hiltzea buruan duen erasotzaileak ez du elkartasunik sentitzen biktimarengana eta haren sendiarengana; aitzitik, identifikatu egiten da berak egin asmo duen horixe egin berri duen gizonarekin.
Informatu egin behar da, eta asko, baina erasotzaileei eta ingurune matxistei mezu kritiko bat bidaliz, nahasmena sorrarazi eta arreta galarazi nahi baitute genero indarkeriaren larritasunaren inguruan. Gizon matxistak ez dira arrotz batzuk beraiek beren matxismoaren bidez sortzen duten errealitate sozial horretan. Gizon horiek oso integratuak daude errealitate horren balio eta ideietan; hainbeste, non eskuarki darabilten indarkeria erabiltzen baitute erasotzat jotzen dituztenetatik babesteko: izan gizartearen ekinbide politikoak eta matxismoa ezbaian jartzen eta kritikatzen duten adierazpenak, izan erail asmo dituzten emakumeen jokabideak. Okerra da sinistea paisaia bati edo itsasoari begiratzen dioten moduan begiratzen diotela matxistek errealitateari, eta hutsegite horrek arrisku handiagoa dakarkie indarkeria sufritzen duten emakumeei. Matxistak elkarren artean indarberritzen dira, hainbat hitz eta jokabide erabiliz; egunero ikusten dugu kalean eta sare sozialetan. Eta indarkeria erabiltzen duten matxistak indarberritu egiten dira beste gizon biolento batzuek darabilten indarkeriarekin identifikatuz; horregatik dirau indarkeriak, eta horregatik gertaberritzen da.
Eta, horregatik, nahitaezkoa da komunikabideek parte hartzea, emakumeen eta neskatoen kontrako indarkeria mota guztiak egoki tratatzea, halakoak ageriko eginez ikusaraztea, sentsazionalismo morbosora jo gabe tratatzea eta hizkera eta iruditeria ez-sexistak erabiltzea.
Hala eta guztiz ere, beharrezkoa da Estatu Itun bat egitea, mugimendu feministetakook eskatzen ari garen bezala, eta, horregatik, joan den azaroaren 19ko osoko bilkuran, ebazpen bat onartu zuen Parlamentuak; horren bidez, irmo eskatu dio Nafarroako Gobernuari eta gainerako administrazio publikoei adierazteko Estatu auzi bat dela indarkeria matxistaren kontrako borroka. Horrez gainera, Foru Gobernuari aholku eman dio adieraz dezan ezinbestekoa dela Istanbulgo Hitzarmena garatzea eta aplikatzea, baita CEDAW batzordeak emandako gomendioak betearaztea ere, eta 14/2015 Foru Legea irmoki aplikatzea, islatuak egon daitezen emakumeen ekontrako indarkeria mota guztiak.
Eta, orain, honako tarte honen bidez, bihoakie elkartasuna erasanak eta/edo hilak izan diren emakumeei eta neskatoei, indarkeria sexistarik muturrekoenaren biktima horiei; halaber, babes osoa adierazi nahi diet horiei guztiei, baita haien senideei eta ingurukoei ere.
( Erredakzioan itzulia )
iritzi artikuluak
'Xake patriarkatuari'
Ainhoa Aznarez Nafarroako Parlamentuko presidentearen iritzi artikulua Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Egunean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu