Hilberria. Gregorio Peces-Barba

Abertzaleen astindua

edurne begiristain
2012ko uztailaren 25a
00:00
Entzun
Gregorio Peces-Barba (Madril, Espainia, 1938) atzo zendu zen, Oviedon (Espainia), gaixotasun baten ondorioz. Hilaren 16tik erietxe batean zegoen. Espainiako Konstituzioaren egileetako bat izan zen, baita Kongresuko presidentea ere, 1982. eta 1986. urteen artean. Espainiako Gobernuko Biktimen Goi Komisionatua izendatu zuten 2004. urtean, eta kargu hori bi urte geroago utzi zuen, Madrilgo Carlos III.a Unibertsitatean buru-belarri lan egin nahi zuelako. PSOEkoa zen.

Madrilen egin zituen Zuzenbide ikasketak, eta Estrasburgon osatu zituen. Aita abokatua zuen, eta harekin hasi zen lanean. Irakasle lanetan ere aritu zen, eta, besteak beste, Madrilgo Carlos III.a Unibertsitateko errektore izan zen 1989tik 2007ra. Hain zuzen ere, garai hartan, Carmen Lamarca zuzenbide irakasleari debekatu egin zion Egunkaria auzian Joan Mari Torrealdai auzipetuaren abokatu izatea. 2003an, Lamarcak Egunkaria auziko defentsa lana hartu zuen, Carlos III.eko Bulego Juridikoaren baiezkoarekin, baina Espainiako Gobernuak Peces-Barba errektorea Terrorismoaren Biktimen Goi Komisionatu izendatu eta gutxira, kendu egin zioten baimena. Argudiatu zuten unibertsitatearen interesen aurkakoa izan zitekeela «helburu terroristekin egindako delituetan inputatuak» defendatzea, eta beren irudiari kalte egin ziezaiokeela. Azkenean, auzitegiek Torrealdai defendatzeko eskubidea onartu zioten Lamarcari.

Euskal Herriarekin izan zuen harremanik Peces-Barbak urte askoan. Besteak beste, 1970ean abokatu gisa jardun zuen Burgosko prozesuan, Victor Arana Bilbao Txepeton ETAko kidearen defentsa eginez. Euskal Herria, baina, lehendik ezagutzen zuen, 1960ko hamarkadan uda Hondarribian eta Zarautzen (Gipuzkoa) igarotzen zuenetik. Garai hartan ezagutu zituen EAJko hainbat kide, tartean erbestean zegoen Eusko Jaurlaritzako ordezkariak ere.

Ordea, abertzaleenganako begikotasunik ez zuen, eta maiz abertzaleen aurka mintzatu zen. «Uste dut euskal auziak ez duela izango irtenbiderik abertzaleak boterean baldin badaude», adierazi zuen behin. Kataluniako abertzaleak ere ez zituen gogoko, eta polemika piztu zuten adierazpen hauek ere egin zituen: «Hobea litzateke Portugalekin geratuko bagina, Kataluniarekin geratu ordez».

Auzitegi Gorenak Sortu legez kanpo utzi izana babestu zuen Peces-Barbak, halaber. Haren ustez, Batasunaren jarraipena zen Sortu, eta horren erakusgarri zen Iñigo Iruin zela alderdiaren defentsa abokatua, «ETAkoak defendatzen dituen bera».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.