Raxoi lo sendo egin ondoren esnatuko zen gaur goizean, gehiengo osoaren helburua arazorik gabe lortu baitzuen Espainiako presidentea berriak. Abertzaleak ere pozik egoteko arrazoiak dituzte. Inoiz ez bezala Espainiako hauteskunde batzuetan, alderdi estatalistentzat hain egokiak diren bozketetan, lehenak izan dira, hamaika zazpiren kontra. Parekotasuna zen iragarpena, baina botoetan eta eskainuetan aldea nabarmena izan da. Lo sendo egin zuten atzo Amaiur eta EAJko kide eta buruzagiek. Gaur, esnatzerakoan, barneratuko dute Euskal Herriak aldaketaren lehen urratsa egin duela. Hurrengokoak euren esku daude.
Garaileak biak izan dira, jeltzaleak eta Amaiurren inguruan bildu den ezker abertzalea. Lehenak, botoetan irabazi dutelako eta diputatu bat galdu duten arren Amaiurren indarrari eustea lortu dutelako. Kezkatuta zeuden jeltzaleak ezker abertzaleak ez ote zion aurrea hartuko diputatu kopuruan eta botoetan. Maiatzeko emaitzek beldurtu zituen; atzokoek, lasaitu.
Amaiur, bestalde, bere mugak non egon daitezkeen ikusten hasi da. Goiko mugak eta azpikoak ere. Maiatzeko emaitzak berretsi ditu, baina Aralarren etorrerak ez du sorpassoa ahalbidetu. Botoetan bigarrena jeltzaleetatik gertu, baina atzetik. Nafarroan ere, jeltzaleek lagundu duten Geroa Bai koalizioa uste baino gertuago izan dute. Bada hor hausnarketarako gaia.
Patxi Lopez ez nuen atzo ikusi adierazpenak egiten telebistan. Rubalcabaren alde apustua egin zuen hasiera hasieratik eta inoiz izan dituzten emaitzarik txarrenak lortu dituzte. Ez zuen lo gustura egingo Portugaletekoak. Bere alderdiak milaka boto eta bost diputatu galdu zituen atzo. Bederatzitik bost galdu zituen. Everesteko gailurretik oinarrizko kanpamenduraino kolpe batez. Eskerrak Basagoiti oraindik atzerago geratu dela, horrekin konformatu beharko du eta ez da gutxi Espainiako beste lurralde autonomikoetan gertatutakoak ikusita. Esnatzerakoan, lorik egin badu, Patxi Lopezek jakinaraziko dio Rubalcabari berak eta Kataluniako lagunak bakarrik eutsi diotela PPren tsunamiari.
Basagoitik bai, hitz egin zuen. Esateko pozik eta aldi berean triste zegoela. Pozik Espainian aginduko dutelako arazorik gabe; etsita Euskal Herrian aurrera egitea saihestu dielako abertzaletasunak eta aurrerantzean ere urrats hori egitea ezinezkoa iruditzen zaiolako. Hauteskunde egokienetan eta unerik onenean ez dira hazteko gauza izan. Ez dute helburu bakar bat lortu: lautik laugarrenak, abertzaleen eta sozialisten atzetik. Akabo. Etorkizun iluna dute Euskal Herrian, asko jota norbaiten laguntzailea izatea, Patxi Lopezena edo Ajuria Eneko hurrengoko jabearena.
Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Analisia
Aldaketa... Euskal Herrian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu