garbine ubeda goikoetxea
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Boto-prontoan

Alter Ego

2012ko urriaren 16a
00:00
Entzun
Ispilutxo, ene ispilutxo, balia zaitez zure magiaz, eta esan iezadazu, otoi, nor den erreinu honetan ederrena —galdetu dio EH Bilduko lehendakarigaiak bekainak depilatzeko erabiltzen duen tramankulu kirtendunari, komuneko intimitatean.

Normala da galdera, eta banitatea ere bai, zer arraio. BEC mukuru bete berri, benetan cool sentitzen da emakumea, beste egur bateko ezpal, eta ez dauka disimuluan gordetzeko motiborik, ez bederen hausnarketarako txokoan.

Eskuko ispiluak, imajina hamar aldiz handitzea eta itsuskeria erakustea baitu xede, zorabiatu egiten du begia, bere lausoan ezgaitu, harik eta efektura ohitzen hasita, doi-doi ikusten hasten den arte. Aurrez aurre duen aurpegia islatu beharrean, Iñigo Urkullurena itzuli dio, ordea; haren masail beteak, haren ezpain haragitsuak, haren begirada limurtzailea.

—Amaaa!!!! —egin du garrasi gajoak, lau kilometroko erradioan diren guztiei oilo ipurdia eragiteko moduan. Paretaren kontra birrindu du tresna madarikatua. Milaka Urkullutxo ditu orain, bainu-gela osoan barreiatuta.

Bihotz taupaden erritmoa bere onera etorri zaionean, politikoki batere zuzena ez den kezka sortu zaio psikologian doktore den horri: zein psikoterapia korrontek, nork demontrek, konponduko dion hainbestetan maiseatutako bakeak eta adiskidetzeak eta elkarbizitzak eta tolerantziak eta malgutasunak eta alderdien adostasunak eta akordio zabalak eta haren hurrengoak eta ezin haserretuak egingo dioten pitzatua.

Urkullutxoek begia kliskatu diote koru polifonikoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.