iritzi bilduma

Amaieraren gozoa, injustiziaren gazia

Euskalgintza, politika, kazetaritza, irakaskuntza eta beste hainbat alorretako eragileak batu dira Martin Ugalde parkean goizean, eskertza ekitaldian. Bideoa: adierazpenen bilduma (Lara Madinabeitia, Berria TB). [berriatb]http://www.berria.eus/berriatb/2220/[/berriatb]

jon olano
2014ko urriaren 17a
10:42
Entzun

"Poza" eta "lasaitasuna" izan dira nabarmendutako hitz batzuk, "amorrua", "memoria" eta halakoekin batera.

Patxi Baztarrika (Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordea)

"Sekula gertatu behar ez zuen baldarkeria bat gertatu zen, eta, sekula gertatu behar ez zuenez, kostata baina iritsi da bukaerara. Pozik egoteko eguna da, eta zorionak ematekoa hau zuzenean nozitu duten guztiei".

Martin Garitano (Gipuzkako ahaldun nagusia)

"Inputatuen eta euskal gizartearen pozarekin geratzen naiz. Euskal Herriak garaipen bat lortu du, nahiz eta erasoak bortitzak izan eta kostu pertsonal handiak izan. Gaur irribarretsu gaude egun hartan goibel geunden bezala".

Hasier Arraiz (Sortuko presidentea)

"Injustizia gertatu zen, eta ez adgo hori erreparatzeko modurik, baina bukaera ona izan da. Zoritxarrez, Euskal Herrian badira beste hainbat auzi halako bukaera oraindik izan ez dutena. Gure herri txikiaren historian Egunkaria, bere proiektua eta horren atzean gaur egun dagoena gauza handia da. Egin ziguten erasoaren tamaina itzela izan zen. Ez da injustizia erreparatu, baina, zorionez, gaur ospatzeko arrazoi bat daukagu".

Joseba Egibar (EAJren GBBko presidentea)

"Bide luzea izan da, bereziki zuzenean sufritu dutenentzat. Bere garaian, hemen bultzada politikoa izan zuen auzi bat zabaldu zuten. Dena libre zen, eta axioma bat martxan jarri zuten: dena ETA da. Horren mantupean sarraskiak egin zituzten, eta horietako bat Egunkaria-rena izan zen. Zuzenean sufritu dutenek lasaitasuna disfruta dezatela, merezi ez zuten kalbario bat inposatu izan dietelako".

Hur Gorostiaga (Seaskako zuzendaria)

"Sekulako poza eta nolabaiteko lasaitasuna. Ez auzipetuek hartu dutena bezain handia, baina denek 'uf' egin dugu. Pozaren ondoren, haserre ikaragarri bat dut; hau lotsagarria izan da. Euskal Herrian duda batzuk sortu ziren, baina herriak azkenean erantzun zuen".

Mertxe Mugika (AEK-ko koordinatzailea)

"Amorru galantarekin bizi izan nuen. Euskarak jasan zuen jipoi handienetarikoa izan zen operazio hori, baina ikusteak euskal gizarteak nola erantzun zion eraso horri aurrera egiteko poz handia eman zuen. Memoria historiko horretan, Egunkaria-rekin gertatu zena ezin da ahaztu, ahazten dena aukerak daudelako berriro gertatzeko".

Eneko Olasagasti (zinemagilea)

"Ezintasuna sentitzen duzu horrelakoen aurrean. Zer egin? Eta ezin ezer egin. Herri bezala mugitu, elkarretaratzeak egin... baina beti harresi batekin topo eginez. Hainbat gauza normaltasunez bizi ahal izatea urrun ikusten genuen. Zorionez, bukatu izana ospatzen dugu gaur, baina gertatutako guztia motxilan dago".

Gurutze Manterola eta Inaxio Uria (Iñaki Uriaren gurasoak)

"Pozik, zoratzen gaude. 11 urtean gorriak ikusi ditugu. Aurreneko egunetik ibili ginen bueltaka... gero ustez libratu zirela... kezka eta altxaldiak izan ditugu, eta luze egin dira. Malko asko. Gaur ere batzuk irten dira, baina pozez".

Estitxu Eizagirre ('Argia'-ko zuzendaria)

"Ez dezagun inondik inora ahaztu, eta segi dezagun ikertzen eta kontuak eskatzen. Herri honetako energia pila bati eginiko eraso bortitza izan da. Justizia eskatzea ezinbestekoa da, eta segi dezagun martxan dauden proiektuak laguntzen".

Martxel Toledo (ESAITeko kidea)

"Gaurko eguna nahiko pozgarria da. Ez da ulergarria, baina oraingoan zorionez badirudi betirako itxi dela, eta gizarteak eman duen erantzuna ere oso positiboa izan da, eta hori da garrantzitsuena".

Xabier Lekuona ('Euskaldunon Egunkaria'-ko zuzendariorde ohia)

"Oso operazio bortitza izan zen, egunkariko langileen kontra gauzatu zen, baina baita proiektu horrek islatzen zuen guztiaren kontra ere. Urte asko pasatu dira. Oroitzapen oso onak ditut, aberasgarria izan zen taldea kohesionatzeko eta proiektuak heldutasuna izateko, eta horren lekuko eta isla BERRIA da. Etorkizuna badugu. Badakit auzipetuek asko sufritu dutela, baina sufrimendu hori baikortasun bihur dadila, lan asko dugulako egiteko".

Juan Karlos Izagirre (Donostiako alkatea)

"Bizitzan edozein gauzak ditu alde onak eta txarrak. Honek on asko ditu, [auzipetuek] lasaitasun ederra hartu dutelako eta dugulako euskal herritarron gehienok, baina alde txarra da zein puntura arte justizia justizia den eta zein puntura arte kalte guzti horiek berreskuratzen diren. Baina herri honek eman duen erantzunarekin gera gaitezen. Herri honek berriz ere ondo erantzun du erantzun behar zuenean".

Josu Amezaga (EHUko irakaslea)

"Oroimenarekin geratzen gara. Ezin dugu ahaztu zer gertatu den; honelakorik berriro errepika ez dadin botika onena horixe da: oroitzea".

Idurre Eskisabel (kazetaria)

"Oso pozik nago, hunkituta ere bai, toki honetara berriro sartzeak eta hau ikusteak oroitzapen asko ekartzen dituelako. Baina aldi berean haserre nago, oraindik gauza asko falta direlako egiteko eta bukatzeko: aitortza, erreparazioa... hainbestetan aipatzen diren hitzak eta egiteko falta direnak".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.