Nafarroako Euskararen Legea. 25 urte. Analisia

'Apartheid'-aren hesi gainetik

inaki petxarroman
2011ko abenduaren 15a
00:00
Entzun
Euskararen Legeak, euskara normalizatzeko baino gehiago normalizazioa oztopatzeko eta euskaldunen eskubideak zangopilatzeko erabili dutenak, mende laurden bat bete du gaur. Ospatzekorik ez du, beraz, euskalgintzak.

Zonifikazioaren gezi pozoituaren bidezhizkuntz eskubideak desitxuratu eta nafar batzuen eta besteen arteko ezberdintasun mingarriak eragiteko balio izan du, besteak beste, legeak. Izan ere,Tuteran, Vianan edo Tafallanbizi diren euskaldunak bigarren mailako herritar arrotzak dira oraindik ere, legez, administrazioaren aurrean eta gizartearen alor publikoan. Zaila da imajinatzea antzeko egoerarik munduko beste herrialderen batean. Bertako hizkuntza gutxitua hesi gaindiezinen artean gatibu hartuta, eta herritarrak lege ezberdinen azpian kateatuta. Hegoafrikan azalaren koloreagatik eta Saudi Arabian generoagatik hartu izan ditu legeak ezberdin herritarrak. Nafarroan, aldiz, jaiotako eremuaren arabera.

Ospatzeko ez, baina gaurko urteurrenak atzera begiratzeko eta kontu batzuk ateratzeko modua ematen du, datuei begiratuta, esate baterako. Izan ere, zonifikazioak lortu ditu helburu batzuk. Adibidez, euskararen ezagutzaren hazkundea galgatu egin du milaka herritar euskaraz ikasteko eskubiderik gabe utzita. 2006an 1991n baino 16.000 elebidun gehiago zeuden Nafarroan; alegia, %9,5etik %11ra igaro zen elebidunen kopurua.Araba, Bizkai eta Gipuzkoako datuak aztertuz gero, nabarmena da aldea: 140.000 elebidun gehiago zeuden denbora tarte berean, eta %24tik %30era igaro zen elebidunen multzoa.

25 urteotan, gobernuaren ahalegin guztien aurka, gizarteak eta euskalgintzak lortu dute ia Nafarroa osoan euskalduntzea posible izatea; Beran, Atarrabian eta Vianan euskaraz ikastea; Iruñerrian, Sakanan eta Baztanen euskarazko hedabideekin —agintari tematien jomuga den Euskalerria irratiarekin, esaterako— informatzea.

Herritarren jarrerari dagokionez, gehienak euskararen aurkakoak izatetik —1991ko inkestan %51 hala ziren— aldekoak izatera igaro dira. Euskara sustatu eta normalizatzeko nafarrek duten borondate horrek aldatuko du, berandu gabe bada hobe, Euskararen Legea. Bitartean,apartheid-aren hesi gainetik salto egiten jarraitu beharko da, Noainen, Lodosan eta Mañerun...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.