Zaborren kudeaketa eta Pasaiako kanpoko kaia eraikitzeko egitasmoa. Horiexek izango dira Ainhoa Iraola Apaolazak (Zarautz, 1979) Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen eta Obra Hidraulikoetako zuzendari nagusi berriak datozen lau urteetan esku artean izango dituen bi gai nagusietakoak. Iraolaren izendapena atzo jakinarazi zuen Gipuzkoako Diputazioak. Orain arte Aranzadi Zientzia Elkartean aritu da lanean.
Biologiako lizentziaduna da Iraola. 2003an amaitu zituen ikasketak, eta handik urtebetera ingurumenaren kudeaketari eta teknologiari buruzko masterra egin zuen. Espainiako Natur Zientzien Museoarekin eta Euskal Herriko Unibertsitatearekin hartu emanetan izan da, tesia egin ahal izateko. Zehazki, Iberiar Penintsulan arriskuan dauden hainbat anfibio espezieren ezaugarri genetikoak ikertu ditu.Euskal Herrian desagertzeko arriskuan dauden espezieen molekulak ikertzen ere jardun du. Hainbat liburu idatziak ditu halako espezieen inguruan. Hala, Pirinioetako igelari buruzko liburu bat du argitaratua Xabier Rubio eta Alberto Gosarekin.
Zaborren kudeaketaren inguruan Martin Garitano ahaldun nagusiak esana du Zubietan eraikitzen ari diren errauste plantaren proiektua geratzearen aldekoak dela aldundia, hainbat alderdi politiko, sindikatu eta gizarte eragilek eskatu bezala. Hori eginda, eztabaida soziala bultzatu nahi du herritarren artean zaborren kudeaketaren inguruan.
Pasaiako kanpoko kaia eraikitzeaz, berriz, aldundiak gogorarazi du Espainiako Gobernuak esan duelaekonomikoki eta naturaren ikuspegitik bideraezina dela. Aldundiak uste du Pasaiako badiaren biziberritzea posible dela egungo kaia ukitu gabe.•
Pertsonaia. Ainhoa Iraola
Aranzadi elkartetik aldundira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu