Arnaldori buruz esan behar dudan lehenengo gauza da, niretzat, ohore eta luxu handia izan dela bai militantzia bai kartzelaldia berarekin partekatu ahal izatea. Ohore eta luxu handia bai, bai batak, bai besteak Arnaldo militantea, baina bereziki, Arnaldo pertsona ezagutzeko aukera eskaini didatelako, eta, Arnaldo, gauza jakina da hori, ez delako ez edonolako militantea ez eta edonolako pertsona ere.
Askotan hitz egin da lidergoari zein karismari buruz. Ez nuke jakingo horiei buruzko definizio zehatz-borobilik ematen, baina Arnaldo ezagututa, gogora datozkit bere lidergo zein karisma zalantzagabe horiek azal ditzaketen hiruzpalau ezaugarri.
Entzuteko ahalmena da horietako bat. Nolako arreta eta errespetuarekin entzuten duen edonor. Neroni esaterako, noiz eta ezagutu nuenean, hogeitabost urte eskas baino ez zituen oinarriko militante ezezagun bat baino ez bainintzen.
Apaltasuna eta eskuzabaltasuna. Horra bere-berezko zaizkion beste bi ezaugarri. Jakitun da bere itzalaren luzeaz, bai eta euskal gizarteko sektore zabaletan bere kaleratzeak sortu duen ikusmin eta esperantzaz ere. Ezin kritikoago eta oldarkorrago zaio baina, mitomania nahiz pertsonalitatearen kultu zantzurik txikienari. «Mugimendu handi batek soilik egin dezake lider bat handi», edota bart arratsaldean, Elgoibarko plazan esan zuen bezala, «lehendakaririk onena, alkaterik onena, herria». Horra bere leloak. Bestalde, aski ezaguna da omenaldiekiko bere zaletasun eza: «Sozialismoa ez da bakar batek hamaika txapel jasotzea, hamaikak txapel bana izatea baino», esan izan du txantxetan kartzelaratze bakoitzaren ostean egin izan zaizkion ongietorrietan.
Lidergoa, besteak beste, gertaera sozial, politiko nahiz ekonomikoei esanahi jakin bat emateko ahalmena omen da. Bai eta gertaera edota fenomeno konplexuak edonork ulertzeko moduan esplikatzekoa ere. Bada, hartarako gaitasun berezia dauka Arnaldok: gainontzekook, hauteman bai, baina hitzez zehatz-mehatz adierazteko gai ez garen horri konkrezio eta forma politikoa ematekoa. «Bietako bat: edo ez da egia herri honetan aldaketa politiko eta sozialerako nahikoa baldintza badaudela, edo aldaketa hori gauzatzeko darabilgun estrategia ez da eraginkorra», esan zuen 2008ko abuztuan, Martuteneko espetxetik atera berritan, Loiolako negoziazio prozesuak porrot egin eta urtebetera. Analisi sinple bezain zuzena, ordurako ezker abertzalearen oinarriaren luze zabalean nagusi zen pertzepzio zehazgabeari konkrezioa eman eta osteko eztabaida estrategikoari bide eman ziona.
Aurkariarekin, baita etsaiarekin ere, elkar ulertzeko duen gaitasuna da nabarmendu izan den beste ezaugarri bat. Enpatiarako ahalmen berezia duela esango nuke nik. Aurrean duen horren azalean jartzekoa, baita perspektiba horretatik bestearen kezka, beldur, muga zein ezintasunekin ulerkor izatekoa ere. Eta beharrean den horri laguntzekoa. «Zer nahi duzu: benetako komunista naiz ni, eta benetako komunistak bihotzberak gara», esan ohi du berak.
Apaltasuna, duintasuna, zintzotasuna, koherentzia, herriarekiko konpromisoa... Hori guztia da Arnaldo. Eta horrexek egiten du Ezker Abertzalearena soilik ez, baizik eta herri oso baten liderra izan dadin. Berak inork baino hobeto haragitzen baititu egungo klase politikoan, zoritxarrez, horren faltan botatzen diren balio horiek guztiak.
Horrek, eta unerik zailenean ere, dela aurrean duen horri dela herri oso bati irribarre bat ateratzeko gaitasunak. Zentzu horretan, herri honen imaginario kolektiboaren parte da dagoeneko 2009an, Anaitasunako mitin famatu hartan, esan zuen hori: «Ezker Abertzalea ez zen erresistitzeko jaio, ez eta irauteko ere. Irabazteko jaio zen, eta irabaziko dugu».
Bada, ongietorri Arnaldo, eta egizu irribarre, borrokatzera goaz-eta, irabaziko dugu-eta!
iritzia
Arnaldoren balorea eta balioak
Arkaitz Rodriguezek Otegi "militante eta pertsonaren" soslaia marraztu du. [youtube]https://youtu.be/wW2QOIqDhbs[/youtube]
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu