Pilula dugu antisorgailu onena. Pilula, baina ez edonolakoa; denon eskura dagoen pilula, oso merkea: aspirina. Pilula hori erabiltzeak, gainera, ez dio inolako ondoriorik eragiten emakumearen gorputzari: belaunen artean jarri, eta nahikoa da. Umerik ez.
Horixe iradoki du Foster Friess aberatsak AEBetan antisorgailuei buruz piztu den eztabaidaren harira. Izan ere, bertako eskuinak protesta egin du, Obamaren osasun erreformak arlo sexuala hartzen baitu kontuan. Eliza katolikoa ez dago prest ordaintzeko bere erakundeetan lan egiten duten emakumeentzako familia planifikazioa. Zerbitzu hori AEBetako osasun arduradunek proposatzen duten laguntza medikoaren barruan sartzen da, baina antisorgailuak ordaintzea bere kontzientziaren kontra doala argudiatu du Elizak.
Obamak amore eman, eta esan du beste bideren bat jarriko duela emakumeek antisorgailuak lortzeko, Elizak ezer ere ordaindu gabe. Elizaren salbuespena onartu dela ikusi eta gero, haien kontzientzia ere errespetatu behar dela adierazi dute enpresari lobby-ek. Beraiek ere ez dute nahi aseguruetan antisorgailuak sartzerik. Enpresari horiek estatuaren esku hartzea gaitzesten dute, baina ez dute erreparorik emakumeen osasun eskubidea urratzeko. AEBetako Ginekologoen Kongresuko presidenteorde Hal C. Lawrencek esan du kontrazepzioak amaren ongizatea hobetzen duela eta osasun arazo larriak dituzten emakumeei lagun diezaiekeela. Horrek ez die ardura. Enpresari batzuek ez dute ordaindu gura emakumeak nahi gabe haurdun ez egoteko botika edo metodorik, baina gero oztopoak jartzen dizkiote emakume haurdunari lan egiteko edo kontratatzeko. Paradoxa? Ez. Argi dago zergatik: emakumeak etxean egon behar du, umeak ekartzen eta umeak zaintzen.
Ez dira garai onenak emakumeentzat —noiz izan dira?—. Alberto Ruiz Gallardonek ere berea bota du asteon. Espainiako Justizia ministroak azaldu duenez, emakumea abortatzera behartzen duen indarkeria estrukturala dago gizartean, eta horri aurre egin behar zaio. Haren ustez, amatasuna emakumeen eskubide garrantzitsuena da. Hobe hauxe esan balu: emakumeen eskubide funtsezkoenen artean badaude bi, bata bestea bezain errespetagarria: ama izateko eskubidea eta ama ez izateko eskubidea. Haurtzaindegi publiko gehiago, amatasun eta aitatasun baimen hobeak, lana eta umeen zaintza ondo ezkontzeko moduak, eta behar bezalako laguntzak egongo balira, babestuago egongo litzateke ama izan nahi duen emakumea. Baina hori guztia bermatuta balego ere, behartu egin beharko litzateke emakumea gogoz kontra umeak izatera?
Eraso kontserbadorea hasi baino ez da egin gurean. Atlantikoz bestaldean, berriz,aspaldikoa da kontua. Abortua 1973tik da legezkoa AEBetan, haurdunaldiko lehen hiruhilekoan egiten bada, baina integrista kristauek inoiz ez dute amorerik eman haren kontra. Haien kanpainan edozein irainek balio du. Rush Limbaugh irrati esatari kontserbadoreak prostituta deitu dio bere programan Georgetowneko unibertsitateko ikasle bati, Sandra Flukeri. Limbaugh Missourin jaio zen, 1951ko urtarrilean, eta 70eko hamarkadatik ari da irratian. Zer egin du Flukek? AEBetako Kongresuan osasun zerbitzuen barruan antisorgailuak sartzeko eskatu dio gobernuari. Limbaughen arabera,Fluke «puta» da, «sexua izateko dirua nahi baitu». Gizona haratago joan da: «Haren antisorgailuak ordaindu behar baditugu, zerbait nahi dugu horren truke. Haren bideoak Interneten jartzea nahi dugu, geuk horretan ikusteko».
Limbaughek urteak eman ditu mezuak modu argi eta zakarrean hedatzen. Eskuinaren ikonoa da. Aitona, aita eta anaiei bezala abokatua izateko grina piztu balitzaio, ez zuen irratian jardungo. Edo dantzari profesional trebea izan balitz —eskolan ez zen horretarako gauza—. Edo Missouriko emakume batek aspirina bat jarri izan balu belaunen artean 1950eko udaberriko egun batean.
Darwin eta gu
Aspirinak Missourin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu