Pello Urzelai.
Urtebete ETAk jarduera armatua utzi zuela. Ikusterrean

Aurrerapauso ozenak eta isilak

2012ko urriaren 20a
00:00
Entzun
Urtebete iragan da ETAk erabaki historiko hura hartu zuenetik. Urtebeteko ikuspegiak aukera ezin hobea ematen du ohartzeko benetan aro berri bat eraikitzen ari dela. Urte hau ez da alferrik pasatu, nahiz eta gertatu behar lukeen guztia ez gertatu. Aro berrirako agenda Aieteko Adierazpenak zehaztu zuen: gatazkaren ondorioei irtenbidea ematea, biktima guztiak onartzea, laguntza eta erreparazioa ematea eta elkarrizketa politikoa abiatzea —gatazkaren erro politikoei heldu, elkarbizitzarako oinarri berriak finkatu eta bake iraunkor eta justua bermatzeko—. Ordutik hona, agenda horrek aurrera egin ez dezan ahalegin handia egin dute Espainiako Gobernuak, PPk eta estatuko hainbat agintarik. Espainiako Gobernuak uko egin dio ETArekin elkarrizketa teknikoak hasteari, eta presoen auzia blokeatu du. Alderdi sozialistak, Aieteko bilkuran egon arren, ez du inola ere bultzatu nazioarteko izen oneko sei buruzagiek proposatutako agenda, eta memoriaren aldarrikapena aitzakia hartuta jarrera defentsiboa garatu du hauteskundeen itzala gainetik kendu ezinik. Sortu legezko bilakatu ondoren, alderdi sozialistak eta, bereziki, Patxi Lopez lehendakariak aukera ezin hobea izan du alderdien arteko elkarrizketa sustatzeko, baina ez du erabili, beldurrez, PPren presioaren beldur, EH Bildu hauspotzeko beldur.

Espainiako eta Frantziako estatuen status quo-aren zaindariek jarritako oztopoen gainetik Aieteko agendan aurrerapen garrantzitsuak gertatu dira azken urte honetan. Agian, ez hainbeste begi-bistan, baina gertatu gertatu dira. Gatazkaren ondorioen atalean, nazioarteko eragileak ez dira geldirik egon, eta ETA ere ez. Lana aurreratu dute estatuak esertzen direnerako, eta aldebakarreko pausoak emateari begira ere bai. Presoen gaian, euskal gizarteak bere egin ditu oinarrizko aldarrikapenak, eta horrek eutsiezin bilakatu du Espainiako Gobernuaren jarrera. 197/2006 doktrinaren kontra Europako Giza Eskubideen Auzitegiak Ines del Rio presoaren kasuan kaleratutako epaiak mugarri bat jarri du espetxe politika aldatzeko bidean. Biktimen atalean ere, aurrerapauso nabarmenak eman dira, batez ere, gizarte mailan. Bereziki alde ezberdinetako zenbait biktimak pauso ausartak eman dituzte elkar ulertuta eta elkarri onartuta bestearen oinazea.

Elkarrizketa politikoari dagokionez, Hego Euskal Herrian urrats nabarmenik ez da egon, baina alderdien arteko komunikazio kanalak irekita egon dira, eta baliteke Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak pasatu bezain laster hastea mugimenduak. Ipar Euskal Herrian elkarrizketa sakonak izan dira, eta lurralde elkargoaren inguruko emaitzak begi-bistan daude. Arlo horretan ere, baliteke gizartea alderdien aurretik aritzea, bi pauso harago. Biharko hauteskundeetako emaitzek argi utziko dute nolako jauzia eman den urte honetan. Dena azkartuko da. Eta ondorioen korapiloa askatzeko bidean blokeoak aurrera jarraitzen badu, nazio auzia azkartuko da, aro berrian iraganeko eustormak hauskorragoak direlako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.