Erraza zuen Yolanda Barcinak aurtengo aurrekontuetako 132 milioi euroren murrizketa gehigarria egiteko. AHTaren inbertsioetarako gordeta dauzkan 134 milioiak kendu, eta bi milioi izango zituen oraindik. Ez du horrelakorik egingo, ordea, tren lasterraren gastua «funtsezkoa» delako eta edozein murrizketatik «aparte» utzi nahi duelako. Hala, besteak beste, Nafarroako Unibertsitate Publikoa astinduko du, berriro ere. Eta hamaikagarrenez, gainera. Hain da hala, ezen unibertsitatearen bideragarritasun ekonomikoa bera kolokan egon daiteke jadanik. Eta oraingo murrizketa hau egin dutenak, gainera, egoera horren jabe dira, NUPeko arduradunek behin eta berriro jakinarazi dietelako zeinen ataka estuan dauden.
AHTa ez bezala unibertsitate publikoa funtsezkotzat ez jotzeak asko adierazten du gobernu bati buruz: ezagutzaren pribilegioa unibertsitate pribatura (Opusenera) joan daitezkeen sektoreen —ez sektore behartsuenak, preseski— esku uzteko borondatea adierazten du, batetik; eta denen dirua sektoreahaltsu horien tresna izango den azpiegitura egiteko erreparorik ez duen gobernu baten hautua, bestetik. Eskuineko alderdi baten mozorrorik gabeko jarduna, alegia.
Barcinak nabarmendu du doikuntzak ez diela eragingo osasun eta hezkuntza publikoari, gizarte zerbitzuei eta mendekotasun laguntzei, esaterako. Jakina da murrizketa handiak egin dituela jadanik atal horietan eta gehiago egingo dituela hurrengo hilabeteetan. Esaterako, aurten %3,08 murriztu du Osasun Departamentuaren aurrekontua, %4,45 Hezkuntzarena eta %3,3 gizarte politikarako dirua. Horrez gain, geroztik Espainiako Gobernuak alor horietan iragarritako guraize kolpe guztiak txintik esan gabe emateko prestasuna azaldu du Barcinak. Besteak beste, milatik gora irakasle lanpostu desagertzea ekar dezake horrek, eta milaka etorkin osasun publikotik kanpo geratzea. Aldi berean, asko gutxitu ditu mendekotasun laguntzak, eta areago gutxituko ditu laster. Finean, pobreziara eta bazterkeriara gero eta sektore gehiagoari dira bultzatzen politikahoriekin.
Krisia dagoela aitzakiatzat hartuta, aspaldi ezagutu gabeko mugimendu politiko-instituzionalik bortitzena dago martxan Europa osoan, eta ondorioa gero eta argiago dago: ongizate sistema soziala desegitea boteretsuen eta kapitalaren mesedetan. Haiek astintzen dituzte Barcinaren guraizeak.
Nafarroako Gobernua. Murrizketa neurriak. Analisia
Barcinaren 'doikuntzak'
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu