Pello Urzelai.
Konponbide prozesua. Analisia

Beldurra elkarrizketari

2012ko maiatzaren 17a
00:00
Entzun
Aieteko Adierazpenaren mezua argia izan zen. Nazioarteko izen handiko sei pertsona haiek sinatutako adierazpenaren deia bikoitza izan zen. Lehenik, ETAri, jarduera armatuaren amaiera iragar zezan. Bigarrenik, Espainia eta Frantziako gobernuei, gatazka armatuaren ondorioez aritzeko ETArekiko elkarrizketak has zitzaten. ETAk hiru egunen buruan bete zuen Aieteko Konferentziak eskatutakoa. Espainia eta Frantziako gobernuek, berriz, orain arte, uko egin diote elkarrizketa zuzen horiei ekiteari. Espainiako Gobernuak, gainera, ukoaren propaganda egin du azken hilabeteotan. Joan den martxoan, ETAk dei publikoa egin zion Frantziako Gobernuari elkarrizketaren bidea har zezan, France Press albiste agentziari bidalitako agiri baten bidez. Frantziak entzungor egin zuen, Atzerri Ministerioko bozeramailearen bidez. Oraingoan, ETA Europako komunitateari zuzendu zaio, berriro France Press agentziari igorritako agiri baten bidez. Unea ez da kasualitatea: Frantziako lehendakaritzan aldaketa izan berri da, eta ikusteko dago zein jarrera hartuko duen François Hollande sozialistak. Edozein aldaketa txikik elkarrizketa sustatze aldera balio handia izango luke egungo blokeo egoera gainditzeko. Espainiako Gobernuak tematuta jarraitzen du, esanez ez duela hitz egin nahi eta ez duela hitz egin beharrik, ezta ETAren desarmea lortzeko ere. Badaki zentzugabea dela ETAri desegiteko eta desarmatzeko eskatzea inolako elkarrizketarik ahalbidetu gabe. Horrela gogorarazi zioten Nazioarteko Egiaztatze Batzordeko kideek maiatzaren hasieran. Badaki, baina ukoari eusten badio, elkarrizketari beldurra diolako da, beste aldea indartuko dela uste duelako, elkarrizketan endredatzeko beldur delako. EAJk ETAri armak uzteko konpromisoa azken muturreraino eramateko eskatu dio (desarmea eta desegitea barne). Baina ez dio ezer esan Espainiako Gobernuari Aieteko Adierazpenaren bigarren puntua ez betetzeagatik, hau da, elkarrizketari uko egiteagatik.

EAJri eta alderdi sozialistari ez zaie gustatu ETAk Aieteko Adierazpenaren laugarren puntua gogoratu izana (alderdien arteko elkarrizketarako deia). Haiek ere elkarrizketa politikoan endredatzeko beldur direla dirudi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.