Ezaugarri berrietan egingo dira hauteskunde hauek. Aurreko biak bezalaxe, fundanteak dira eta, zalantza barik, ziklo bat amaitu eta beste berri bat hasten ari da. Etorkizun guztiak gaurko erakundetzetik hasten direla onartzen dute faktikoki indar guztiek. Bat, PP, Estatua berriro zentralizatzeko. Abertzaleak, autonomia forma berrietara eramateko. Erdibidean, ia nora ezean, PSE-EE. Hori guztia gehiengo abertzale baten testuinguruan.
Nolanahi ere, EH Bilduren presentziak indar guztien berregokitzapena dakar. Aurrerantzean, kasurik hoberenean alderdi dominanteak nekez pasatu ahal izango du errepresentazio parlamentarioaren heren batetik. Salbuespenetako zirkunstantziak kenduta, datorrenak errutinatik berrikuntzetatik baino gehiago izango du. Errazagoak izango dira lehen bi posizioen arteko trukaketak, lehenengo biak nor diren asmatzea baino. Batean, EAJk irabaziko du, bestean Ezker Abertzaleak. Oso oker ez banago, hortik joango da datorkigun joko politikoa.
Beraz, datorren igandean bi esalditara mugatuko da hauteskunde gauean jokoan dagoena, adiskide oso azkar batek esan didan ustearen arabera. Lehena, Iñigo Urkulluk esan dezakeena: «Bihartik aurrera gainontzeko alderdi guztiekin hitz egiteko erronda hasiko dut». Bestea, Laura Mintegirena: «Hementxe bertan fronte nazional bat egiteko konpromisoa luzatzen diot EAJri». Uste dut argitasun handia dagoela uste horren atzean. Bataren edo bestearen atzean 38 zenbaki magikoa daukagu. EAJk gainontzeko guztiekin 38 eserlekutara heltzea posible baleuka, Urkulluren esaldiak irabaziko du. Heltzen ez bada, Laurarenak hartuko du indarra.
Joan den asteko CISen datuak ikusita, etsaiaren datuak zirela esan zuen Egibarrek, eta arrazoia zeukan, nabariki garaile agertuz gero desmobilizazioa etor liteke eta. EAJk 26 edo 27 eserleku balitu, lasaitu ikaragarria hartuko luke PPk 12 lortuko balitu. Beste biekin, PSE-EE eta EH Bildurekin heltzen da.
Urkulluk eta EAJk, ahalko balute, bakarrik gobernatu nahi dute, hori baita momentuak eskatzen duen politika era euren ustez. Ekonomikoki, itun zabalak edo transbertsalak behar dira, hala PPrekin nola besteekin, garaiak ez baitaude eman ezin dena eskaintzeko. Politikoki, Kataluniako Diadak tentsio ikaragarria sartu du abertzaleen artean, ez baitatorkio ondo ez EAJri, ez EH Bilduri orain horretaz aritzea. Independentzia tsunamiak Artur Mas nolabaiteko ezustean harrapatu du, eta egoera surfeatu egin beharko du, baina olatua Kantauri itsasora ere heldu da, eta EAJk eztabaida hori atzeratu egin nahi zuen, baina EH Bilduk, berriz, etxeko bazterrak ordenatzen aritu gura zuen, baina bati zein besteari egoera pixka bat okertu zaio. Urkulluk ez entzunarena egiten du, PPk eta PSE-EEk harrobi oparoa aurkitu dute-eta independentziaren kontuarekin. EH Bilduk, gai zerrenda aldatuta, hobeto aprobetxa dezake egoera, eta lan biak, agian intentsitate txikiagoarekin, era berean burutu.
38ra heltzen ez bada, EAJk PSE-EE eta EH Bildu aurrean izango ditu, eta agintaldi zailagoa. Gainontzeko guztiekin 38ra helduta, zelai erdia eskuratzeko parada izango du. Gero gerokoak, ia nork agintzen duen eremu propioan. Beraz, astebete geratzen da 21eko gauean datuen arabera esaldi aproposena zein den jakiteko.
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Begiradak
Bi esalditara...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu