Mari Karmen Garmendia Lasa.
IRITZIA

Bi gezi emankor

2020ko abuztuaren 1a
01:08
Entzun

Badaukat bazterren batean galduta —ez, ordea, oroimenean— argazki bat; elkarrekin gaude Joan Mari Torrealdai eta biok. Andoainen dago aterata argazkia; 1969ko uztailaren hamabikoa izango zen arratsalde hura: Rikardo Arregiren hiletaren ondoren; Torrealdai, artean frantziskotarra, izan zen meza-emaileetako bat.

Ez daukat gogoan noiz eta non ezagutu nuen Joan Mari, baina badakit Rikardo Arregiren bidez izan zela, Zeruko Argia-ko «Gazte naiz» atalean idazten nuenean, 1966. urte inguruan. Ordurako Jakin-ek bidea eginda zeukan, Esprit aldizkari frantsesaren arrastoan, eta ziklostilean-edo inprimatutako artisau-teknikekin.

Gero, hurrengo hamarkadaren hasieran, etxean ere izan zen behin baino gehiagotan Torrealdai, bileraren bat egiten; esku artean izango genuen —batek daki zehazki zer— alfabetatze kanpaina, edo Euskaltzaindiaren D titulurako ikastaroak, edo Udako Euskal Unibertsitatearen hasiera, edo Elhuyar taldearena. Dena hasmentan zegoen orduan, betiere euskararen inguruko sorta zabalean.

Joan Mari Torrealdai, gizaseme lerdena eta dotorea, begiak ñir-ñir eta ezpainak irribarre barean. Izan ere, ideia eta jokabideetan zeukan tinkotasuna maisuki uztartzen zuen jarrera irekiarekin eta hezierarik bikainenarekin. Dotorezia zuen ezaugarri horretan ere. Baita EuskaldunonEgunkaria-ren itxieran, poliziak eskuburdinak lotuta, gaizkile gisa, eraman zuenean ere.

Bi gezi gurutzatzen dira Torrealdairen geografia bitalean: bata Arantzazurantz doa, frankismoaren basamortuan euskal munduaren abangoardia artistiko eta intelektualari bidea eta aterpea —eta hauspoa— eman zizkion gunera. Bestea, gure mugez haratago zuzendua dago, mundu zabalerantz. Eta hor bilatzen ditu Torrealdaik pentsamendua —hitzaren zentzu orobiltzailean—, pentsamendu garaikidea, euskaraz eta euskaratik lantzeko erreferentziak eta erremintak. Bere ondarea ez da berehalakoan agortuko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.