Lana bilatzeko garaian curriculum anonimoak eskatzeko kanpaina bultzatu dute Alemanian. Urtebeteko proba izango da, Diskriminazioaren aurkako Bulego Federaleko zuzendari Christine Lüdersek aditzera eman duenez. Bost enpresa pribatutan egingo da —haien artean Deutsche Telekom eta L'Oréal kosmetika etxea— eta zenbait erakunde publikotan.
Egitasmoaren arabera, lanpostu jakin batzuetan jarduteko hautagaiak gaitasun profesionalen berri ematen duten datuak baino ez ditu argitu beharko: ez izenik, ez adinik, ez sexurik, ezta egoera zibil eta jatorririk ere —argazkirik ez da hartuko, noski—. Izan ere, datu horiek guztiek bidea eman dezakete aukeratzaileek aurreiritzi eta gustu pertsonalen arabera jokatzeko langilea hartzeko unean.
Teorian ez litzateke hala izan beharko. Hala ere, badakigu praktika nolakoa den. Janek—Erdi eta Ipar Europan sarri erabilitako izena—eta Ahmedek—herrialde musulmanetakoa— konnotazio desberdinak izan ditzakete zenbait belarritan. Berdin gertatzen zaie Ingrid edo Nadima izenei. Adinak garrantzirik ote duen lana aurkitzeko, ba, galde diezaietela 55 urtez gorako langabeei. Sexuari buruz zalantzarik badago, ikusi zenbat emakume dagoen lan hierarkiaren goi aldean. Egoera zibila ere garrantzitsua da, gehienetan emakumeen kalterako. Alta, batzuetan gizonen kontra ere erabiltzen da. CDUko emakume kristau-demokratek Gerhard Schroeder kantziler alemaniarraren laugarren ezkontza erabili zuten gobernuburua kritikatzeko, kutsu ustez feministako iruzkina eginez: «Ez fidatu harekin. Hiru emakume ezin dira erraturik egon gizon berarekin».
Eta jatorria... Jatorria ez omen da garrantzitsua, ezta lan diskriminazioaren aurkako lege zorrotzak dituzten herrialdeetan ere. Erresuma Batuan, adibidez. Baina izan, bada. Londresko jatetxe bateko arduradunak halaxe argudiatu zuen jatorri txinatarreko herritar britainiar bati gezurra esan eta gurekin sukaldean lan egiteko aukera ukatu eta gero: «Postua libre dago, baina ingelesa naiz eta badakit ingelesek nola pentsatzen duten arraza kontuetan. Zerbitzari bat edo bi beltzak jartzea ondo dago, baina denak beltzak izango balira, kaletik begira dagoen jende asko ez litzateke sartuko». Jatetxeak kristal handi bat zuen kanpo aldeko horma moduan. Kaletik dena ikusten zen.
Berdintasuna nahi dugu. Beharrezkotzat jotzen dugu. Hala ere, geure senek traizionatu egiten gaituzte. Hara zer esan zidan behin eskubide sozialen aldeko borrokalari sutsua den lagun batek, Aeroflot aire konpainia sobietarraren diskriminazioaren aurkako politikaren harira: «Ondo dago berdintasuna, lana merituen arabera ematea, baina sobietar hauek pasatu egiten dira. Moskutik Habanarainoko hegaldi luzea azafata bibotedunez inguratuta pasatzea ere...». Irribarre maltzurra egin nuen. Bai, gizon jokatu nuen.
Halaxe kontuak. Curriculum anonimoak bultzatzeko erabakia txalogarria da, hautagai bakoitza soilik gaitasun profesional hutsen bidez aukeratzeko. Horri NA zenbakia ez jartzea gehituz gero, askoz hobeto. Horrela zailagoa izango da pertsona hura nor, nolakoa eta noren senide edo laguna den jakitea. Ongi etorriak curriculum anonimoak. Baita politikan ere. Gure (politikari) profesionalak aurpegia ikusi gabe aukeratzeko, zenbat seme-alaba dituzten eta asteburuan zer egiten duten jakin gabe. Curriculum anonimo hutsekin ukitu humanoa galduko luke politikak, baina noiztik dira gaurko politikariak humanoak? Martxa honetan, teknokrata hutsak izango ditugu laster. Washington, Brusela, Paris edo Madrilek inposatutako politikak bideratzeko kudeatzaile ona baizik ez dugu beharko. Edo horien kontra egingo duen iraultzaile argia, nondik ikusten den. Berdin dio Brad Pitt edo Homer Simpsonen itxura duen. Aizu, eta horretaz ari garela: nork esan du Homer Simpsonek ez duela titulu akademikorik? Inork deitu al du Springfieldeko unibertsitatera?
Darwin eta gu
Bibotedunak Aerofloten
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu