Miriam Urkia.
IRITZIA

Bion aulkia

2020ko abuztuaren 1a
01:04
Entzun

«Ez nago hor, baina bai zurekin». Halaxe hasi zenuen Euskaltzaindian sarrera-hitzaldia egin nuen egunean bidali zenidan mezu hunkigarria. Zeuk esaten zenuen moduan, minikrisian zeunden egun haietan, «gaur bai eta bihar ez», eta ezezkoa izan zen egun hartakoa. Baina nirekin izan zinen Aretxabaletan, gurekin izan zinen, beti egon izan zaren moduan.

Eta, orain ere, ez nago hor, baina bai zuekin. Ez zaude hemen, baina bai gurekin. Halaxe joan zara, baina ez gaituzu utzi.

Mila istorio ibiliko ditugu ahotan egunotan, beti zu gogoan. Funtsezkoa izan zara, Joan Mari, Arantzazuko harria bezain sendo, euskalgintzan, kulturgintzan, herrigintzan, gintza askotan, baina bereziki langintzan eta lagungintzan. Horiek guztiak gogoratuko ditugu, Jakin, Euskaldunon Egunkaria, Euskaltzaindia, Euskal Bibliotekaren ametsa, zentsura, eta beste mordo bat. Guztietan bide-urratzaile, ereile nekaezina, bidean kolpe latzak hartuta ere inoiz etsi ez duzuna. Eredugarri beti. Ondo ereinda utzi dituzu alor guztiak, ongarrituta eta ureztatuta, aurrera egin dezaten. Egindakoaz harro joan zintezkeen, baina hori ere ez zenuen egingo, seguru, egiteko zenituenak buruan bueltaka ibiliko zenituen bukaera arte.

Guk biok badugu, eta hala jarraituko du hemen naizen artean, partekatzen dugun zenbaki bat, eta aulki bat: Euskaltzaindiko 29. aulkia. Errespetu handia ematen zidan Torrealdai handiaren ondoko izendatua izateak, asko saiatuta ere inoiz ez naizelako zure laurdena izatera iritsiko. Baina horretan ere zure babesa eta goxotasuna izan nituen, beste behin erakutsi zenidan zure handitasuna ez zela akademikoa bakarrik, are handiagoa zinela
lagun gisa. Ohorea izan da, Joan Mari, denbora laburregian izan bada ere, aulkikide izatea. Eta segituko dut bion aulkia zaintzen, zu ere hemen egongo zara eta, beti gurekin.

Opari galanta izan da zu ezagutzea, betiko bihotzean bizi den opari horietakoa, esker onez gordeko dudana.

Aspaldi ikasi nizkizun hitzekin esango dizut eskerrik asko eta beti arte.

Ez adiorik, Joan Mari!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.