Darwin eta gu

Chimezieren lagunak

Pastor
2011ko uztailaren 23a
00:00
Entzun
Baduzu George Michaelen azken aferaren berri? Intziri asko egiten du Samantha Foxekohean? Aktore horren taketa zenbat zentimetrokoa da? —barkatu, zenbat inchekoa, britishen zakilak ez baitira zentimetroetan neurtzen—. Fine Young Cannibalseko kantaria orgia batean egon da? Guk badakigu hori; hementxe duzu testigantza…

Halako kazetaritza egiten zuten duela urte batzuk The Sunek eta News of the World haren igandekariak; halaxe egiten segitzen dute orain.Atzoko The Sunek hauxe azaldu zuen azalean: King's of Leoneko kantari Caleb Followillek emaztearen dei bat jaso zuen kulero moreak janzten ari zela esateko. Andrea, Lily Aldridge, Victoria's Secret enpresaren modeloa da, baina sekretu gutxi dago haien bizitzaren inguruan. Nork helarazi zion informazioa egunkariari? Kazetariek erositako mihi luzeek? Bikotearen lagunek? Protagonistek beraiek?

Egunero milioika irakurlek hartzen dute The Sun esku artean. Rupert Murdochen egunkaria gehien irakurtzen dena da Londresen, Erresuma Batuan bezala. Hiriburuko eskualde guztietan ditu irakurleak: High Barnet kontserbadorean, Golders Green auzo juduan, Kilburn gune irlandarrean, Kensington aldeko pijoen habian, Aldgateko cockney jatorrenen artean, Brixton «arriskutsuan»…

Chimeziek ere The Sun erosten zuen, eta Margaret Thatcherri botoa eman behar zitzaiola esaten zuen Tally Ho Cornerreko pubean, egunkaria erakutsita. Tabloideak iruzkin arrazistaz jositako artikuluak argitaratzen zituen, baina horrek ez zion ardura jatorri nigeriarreko lagunari. Gainera, Maggie —hark hala deitzen zion— Finchley bertan aurkezten zuen Alderdi Kontserbadoreak, hauteskunde-barruti hartan. Pare bat garagardo edan eta gero, lanera joaten zen Chimezie, pozik. Lisa ilehoria zortziak aldean hasten zen beharrean. Lankide guztiak zoratzen zituen. Gehienak gizonezkoak, baina bazen emakumezkorik ere tartean.

News of the World itxi behar izan du Murdochek entzuketen aferagatik, baina The Sun argitaratzen segitzen du. Hedabideak iritzi publikoa bideratzeko duen eragina itzela da. Zabor albiste horiekin batera, ideologia mota bat ere saltzen du, itxuraz politika kutsurik ez duten albiste horiek politikaz kutsatuta daudelako: pentsamolde libertarioa dute zentzurik kontserbadoreenean, oinarri nazionalista, klasista, matxista eta populista, adjektibo hori ez baita zenbait ezkertiarren monopolioa.

Sean Horek, Murdochen enpresako kazetariak, egunkari horien joko zikina salatu zuen bere buruaz beste egin baino lehen. Gordin deskribatu zuen bere bizimodua: rock izarren gosaria hartzen zuen —koka tirito bat eta whiskya— eta gero zurrubiloan sartzen zen, festaz festa, jende famatuaren usainean. Horrela egunero, urteetan. Kazetari asko zebiltzan gisa horretan. Dinamika hori uzten zuena baztertu egiten zuten enpresan. Sekta bat ematen zuen.

Zertarako izan kazetaria? Nola eta zertan eragin behar dio kazetaritzak gizarteari? Asko hitz egin da News of the Worldeko entzuketen auziaz. Aferak kritika sakona behar du. Azken batean, kazetaritza mota hori negozio handia da, herritarren zati handi batek bere egin duelako. «Herriak badaki, hutsezinezko usainari esker, noiz defendatzen dituen egunkari batek interes pribatuak, eta noiz publikoak. Eta hura erosteari uko egiteak mugatu egiten du egunkari horrek min emateko duen gaitasuna», idatzi zuen Joseph Pulitzerrek duela ehun urte baino gehiago. Herriak sudurra galdu ote du geroztik hona?

Chimezieren lantokian hogei minutuko atsedenaldia zegoen bazkaltzeko. Lankide batzuek egunkaria irakurtzen zuten orduan. Egun batean The Sun ez zen egunkari bat eraman zuen lagun batek. «Zergatik erosten duzu The Guardian? Hau Finchley da», esan zion Ciarak. Neska zorrotza zen Ciara, Lisaren lagun mina. Irlandarra zen jatorriz, baina ez zen Kilburnen bizi, High Barneten baizik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.