Euskal Sozialistok argiak gara. Herri honetan, edonork ezin dezake gauza bera esan. Espainia eta Europaren barnean dagoen autogobernuaren aldeko apustua egiten dugu eta, era berean, Estatua birzentralizatzeko gogo bizian, gure eskumenak murriztu nahi dituztenen eta, beren burua independistatzat joz, ekimen subiranista anbiguoak martxan jartzen dituztenen aurka gaude.
Euskadin topatzen diren identitate sentimendu desberdinak onartuz, eta gure pluraltasuna eta dibertsitateari uko egin barik, Euskal Sozialistok ziur gaude autogobernuak denon artean elkarbizitzen uzten digula. Horregatik, ez dugu norberaren identitatearen inolako inposaketarik onartzen. Ez dugu euskaldunak zerrenda desberdinetan sailkatzeko saiakerarik onartzen. Norberaren jaioterria, euskara jakitea edo ez, abertzalea izatea edo ez, ezin da maila desberdinetako euskaldunak izendatzeko argudioa izan.
Ez diogu eztabaidari uko egiten. Ez dugu horrelakorik inoiz egin. Onartzen dugu Gure autogobernua ez dela aldaezina. Ez dago liburu saindurik. Ezta, batzuek aldarrikatzen duten betirako ziurtatutako Lurralde Historikoen Lege sakro-santurik ere.
Gernikako Estatutua da euskaldunok gure etorkizun politikoa erabakitzeko izan dugun aukerarik gorena. Historian zehar ez dugu izan honen parekorik. Horrexegatik, hain zuzen ere, Gernikako Estatutua agortutzat jotzen dutenei, geuk erabakitako legearen barruan erreforma dezatela dei egiten diet. Demokrazia hitza behin eta berriz ahoan darabiltenei argi hitz egiteko eskatzen diet.
Eta aho beteka Eskoziako ereduari begiratzen diotenei, esperientzia honen letra txikia irakurtzera dei egiten diet. Hemen gertatutakoa, legeak finkatzen duen ibilbidea errespetatuz, gobernuen arteko akordio demokratikoa izan da. Gu hainbeste urtetan eskatzen egon garena. Ez besterik. Ongietorriak demokraziaren izapideak aurkitu dituztenak. Batzuek denbora luzea daramagu etxe honetan. Galdera egin nahi badute, lehen pausoa galdera zein den esatea da. Erabakitzeko eskubidearen aurretik, zer erabakitzen dugun jakin behar dugu.
Berriz diot. Nik ez dut independentzia nahi. Hainbat arrazoirengatik. Alde batetik, negozio txarra delako. Datuak hor daude (nahiz eta batzuek ikusi nahi ez): Espainiako ekarpen solidariorik gabe, ezin genituzke gure pentsioak ordaindu, Europar Batasunean gure iraunkortasuna zalantzan geratuko litzateke, espainiar merkatuarekin muga-zerga izango genuke… Ez, independentzia ez da negozio ona. Eta krisia ez da abentura hauek martxan jartzeko unea.
Baina ekonomia analisia alde batera utzirik, nik ez dut independentzia nahi, autogobernua euskaldun desberdinak elkarrekin bizi daitezen sistemarik aproposena dela sinesten dudalako. Autogobernuaren barruan, denok sartzen gara. Autogobernutik at, liskarra.
Demokraziak bakoitzak bere ideologia edota identitatea inposatzeari uko egitea exijitzen du. Demokrazia denon aukeren arteko berdintasunaren bermea da. Eta, gaurko Euskadin, horri autogobernua deritzo.
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Begiradak
Denontzako Euskadi
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu