joxerra senar
Analisia

Dimisioa eman behar du, nahitaez

2012ko urriaren 20a
00:00
Entzun
Suediako egunkari batek, Expresen-ek, 1995ean salatu zuen Mona Sahlin gobernuko lehendakariordeak kreditu txartel ofiziala erabili zuela erosketa pribatuetarako eta auto bat alokatzeko. Sahlinek baieztatu zuen «pixoihalak, tabakoa eta bi Toblerone» erosi zituela, baina dirua itzuli zuela: 5.000 euro. Lehen ministroak dimisioa ematera behartu zuen, eta Toblerone auzi hark Sahlinen karrera politikoa hondoratu zuen... hamar urtez.

Nafarroa ez da Suedia, baina Kontuz plataformak salatutakoa larria da, kapitala zuritzeko ustezko delitu bat izan daitekeela. Arlo juridikoan, Pejenaute errugabea da kontrakoa ebazten ez den artean. Ustezko delituak preskribatu ote duen eta gerora 180.000 euroak Ogasunari aitortu ote zizkion edo ez ebaztea auzitegien zeregina da.

Arlo politikoan Pejenautek oraintxe dimisioa aurkeztu beharko luke, edo kargua uztera behartu beharko luke Yolanda Barcinak. Goi kargudun publiko batek kapitala zuritzea bezain larria da zuritzen saiatzea. Gutxienez ahalegindu zela baieztatu du Kontuz-ek. Alabaina, atzo inplizituki Barcinak babesa adierazi zion. Barcina CANeko kontrol batzordeko presidente zen 2007an, eta gertaera horren berri izan behar zuen. Horregatik, adierazgarria da Pejenaute aukeratzea bere aholkulari pertsonal izateko (2009an) eta gero gobernuko kontseilari izateko. Guztiz okertzen da uste badu mezularia dela erruduna. Pejenautek karguan jarraitzen badu, Barcinak zikinduko du gobernuaren izen ona. Gizartearen aurrean eredugarri izan nahi badu, begiratu dezala Suediara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.