Lanak makaldu, histu, tristatzen omen gaitu. Lanak gure energia positiboa xurgatzen du, eta hori nabari da egunaren joanean, Science aldizkariak argitaratutako artikulu batean ageri denez. Horren arabera, Cornelleko Unibertsitateak (New York, AEBak) «nazioen pultsua» edo aldartea neurtu nahi izan du, herritarrek Twitterren sartutako mezuak aztertuz. Ikertzaileek 140 karaktereko testuak irakurri dituzte, eta ondorio hauek atera: eguneko ordu edo une jakin batzuek gure emozioak baldintzatzen dituzte. Jendea «nahiko zoriontsu» esnatzen da goizetan, eta gaueko azken orduetan ere gogotsu egoten da. Sentsazio ona nabarmenagoa da asteburuan. Horren guztiaren arrazoiak argi daude: astegunetan txartoago egiten dugu lo, eta goizago jaikitzen gara. Gainera, lanak estresatu egiten gaitu, eta horrek biziki eragiten digu eguneroko bizimoduan.
Nolako mezuak hedatzen ditu David de Geak Twitterren? Lan nekagarriak biziki atsekabetzen du Manchester United futbol taldeko atezaina, eta haren portaerari eragiten dio? Izan ere, The Sun egunkariak zabaldu duenez, kirolari espainiarra donut bat lapurtzen atzeman dute Tesco etxearen supermerkatu batean, Altrincham-en (Manchester Handia). Segurtasun kamerek De Gea grabatu dute lanean ari zela, eta zaindariek gela batera eraman dute galdekatzeko. Gero, libre utzi dute besterik gabe.
De Gearen lapurreta txikia—bihurrikeria iritziko diote batzuek— kritikagarria da, baina ez soilik kirolariek gizartean duten itzal handiagatik. Kirolariak humanoak dira, eta, beste edonork bezala, huts egiten dute. Kontua ez da kirolari batek donut bat lapurtu duela, baizik eta astean 80.000 euro inguru irabazten dituen pertsona batek —berdin dio kirolaria edo zinema edo musika izarra— 1,35 euroko jaki gozoa hartu duela ordaindu gabe, legea hautsiz. Zertarako? Zer erakutsi nahi zuen jokaera horrekin? Ustezko gaizkilea ez dute zigortu. Zergatik?
Hogei urteko gaztearen jokaera baino askoz kezkagarriagoa da supermerkatu katearena. Ez diote isunik jarri, ez dute Polizia deitu. Manchester ez da Kent eskualdea, Ingalaterrako leku pobreenetako bat baizik. Jende txiro asko daude bertako zenbait auzotan. Nago ustezko lapurra beste era bateko pertsona izan balitz—pertsona, ez pertsonaia—bestela jokatuko zutela supermerkatuko arduradunek. De Gearen jokaera barkagarria izan daiteke; Tescorena,ordea, ez. Zer egingo zuten bertako zaindariek donut zalea Bradford edo Harpurhey eskualdeetako gaztetxo bat izan balitz? —datu ofizialen arabera, auzo horietako zenbait lekutan umeen %99 oso pobreak dira eta bazterkerian bizi dira—. Lehen kasuan ondoriorik gabeko bihurrikeriatzat jotzen dena falta edo delitu bihurtuko litzateke, seguruena, bigarrenean. Lapurretan ibiltzeagatik gaizkilearen familiari, zigor moduan, laguntza soziala kentzen dion sistemak ez du ezer egin goi mailako pribilegiatu ekonomiko batek legea hautsi duenean. De Geari ez diote zigor txikiena jarri edo komunitate edo auzo lanak egiteko agindu, hobeto sozializatzeko. Ez du behar, antza. Nahiko lan izango du gaur bere atea defendatzen Norwich City taldearen aurka.
Justizia? Zer da hori? Hau ikusita, inor ez dadila harritu Manchesterko gazteak gaur edo bihar Tesco supermerkatuetara joan eta protesta moduan donutak lapurtzen hasten badira, De Gea ustezko lapur txotxoloari eskaini zaion begirune bera eskatzeko. Eta, tratamendu hori jaso ezean, bertako kaleak berriz sutan jartzen badituzte. Ez nuke halakorik justifikatuko. Baina ulertu egingo nuke.
Darwin eta gu
Donut egunak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu