Hilberria. Jose Manuel Goikoetxea

EAJren ordezkari «nekaezina»

Aitziber Laskibar Lizarribar.
2012ko irailaren 12a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzan sailburu, Nafarroako Parlamentuan legebiltzarkide, eta Altsasuko alkate izana da Jose Manuel Goikoetxea Askorbe (Altsasu, 1951-2012), besteak beste. Langile eta suspertzaile «nekaezina», bere alderdi zuen EAJren hitzetan. Atzo zendu zen, 61 urte zituela. 1987an afiliatu zenetik hil den arte izan da Eusko Alderdi Jeltzaleko kide eta haren ordezkari, bai instituzioetan, bai alderdi barruan. 2012ko urtarrila arte Nafarroaren ordezkari izan da EAJren Nazio Batzarrean.

1974. urtean albaitaritzan lizentziatu zenetik 1980. urtera arte, teknikari aritu zen Lurgintza kooperatiban. Nekazaritza Ganberarekin Gipuzkoako saneamendu kanpainak zuzentzeko lanetan ere ibil zen.

1980. urtean hasi zuen ibilbide publikoa. Eusko Jaurlaritzan Nekazaritza sailburuorde izendatu zuten, eta hala izan zen 1988ra arte. Nekazaritza eta Arrantza sailburu izendatu zuten orduan. 1995. urtera arte bete zuen kargua. Sailburu izan zen azken lau urteetan, gainera, Altsasuko alkate ere izan zen. 1995ean utzi zituen bi eserlekuak. Baita instituzioetako lan publikoak ere, aldi baterako.

Enpresa pribatuetara joan zen. Buztan S.A. enpresan urte erdiz kudeatzaile lanetan aritu ondoren, 1996ko urtarrilean Iparlateko kontseilari ordezkari izendatu zuten.

Hiru urte geroago, ordea, instituzioetara itzuli zen. Oraingoan, Nafarroako Parlamentura. EAJ-EA koalizioaren ordezkari hautatu zuten, eta 2003ra arte izan zen parlamentari. Orduan utzi zuen betiko instituzioetako lana, baina ez geldirik egoteko. EAJk Nazio Batzarrean Nafarroaren ordezkari izateko hautatu zuen 2004an, eta hala izan da urtarrila arte.

Bere herriarekiko konprometitua eta lanean nekaezin gisa deskribatu du EAJk.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.