Karmelo Landa
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Begiradak

Egia esan

2012ko urriaren 10a
00:00
Entzun
Egia esan, hauteskunde kanpainetan inkestak ugari izaten baditugu ere, hauek ez digute laguntza handirik eskaintzen hautagaiek esaten digutena modu zorrotzean epaitzerako orduan. Uste dut, zinez, lagungarri izango litzatekeela hautagaitza bakoitzaren eta guztien aldamenean, kritikari zehatz, zorrotz eta ondo informatuak jartzea, hauen proposamen politikoen eta egitarau promesen bideragarritasuna eta egia-zantzua kalibratzeko gauza direnak, hautesleoi hautua zuzen egiten laguntzeko moduan. Pedagogia politikoa.

Adibide bat emango dut, hurbiletik ezagutzen dudana. Hauteskundeen zurrunbilo honen erdian gertatu da, Estatu espainiarreko banku eta kutxen egoeraren azterketa berria egin dela, eta nonbait gure zorioneko Kutxabank honi kalifikazio bikaina eman diotela. Hori gertatu eta batera, hara non agertu den banku berriaren burua hautagai jeltzalearen kanpainaren ekitaldi nagusian, modu horretan iritzi publikoaren aurrean ekuazio hau plazaratuz: Kutxabank, kudeaketa bikaina, beraz,jeltzaleen hautagaitzarekin, zuen dirua esku egokietan izango da. Hori horrela da benetan ? Egia esan, ez da horrela. Zergatik ez den horrela? Hara hemen datuak.

Aurrezki kutxen formula arrakastatsua izan da Euskal Herrian orain gutxi arte, gure finantza sistemaren osagarri sendo bat eraiki izan dutelako, neurri batean izaera publikoa hartuta, bai diru-iturrietan (udalak, aldundiak,..) baita diru inbertsioetan ( enpresa txiki eta ertainak eta obra soziala,..). Diru akumulazioaren oinarrian euskal gizarteko familia askoren aurrezkiak daude, eta ondare propio baliotsua ere pilatu dute euskal kutxek. Bada arrazoirik, bestalde, azken 40 urteotan, Kutxen kudeaketaren ardura EAJri leporatzeko kasu batzuetan, edota PP-UPNri beste zenbaitetan. Baina orain hauteskunde kanpainan saldu nahi diguten silogismo hori guztiz faltsua da, hain zuzen ere azken urteotako kudeaketa, kutxak banku bihurtzea eta ondorengo pribatizazio prozesua, guztiz delako kaltegarria euskal herritarron etorkizun ekonomiko eta sozialerabegira.

Jakiteko duzue, Kutxen asanbladetan gauden guztiok hala ikusi dugulako, EAJ eta PP elkartu egin direla Bizkaia, Araba eta Gipuzkoako hiru kutxen bankarizazio prozesua pribatizaziorantz bideratzeko, eta bide horretan jada urrats larriak egin dituztela, Kutxaren operazio espekulatzaile ilunak disimulatuz (Valle Romano golf, etab); BBK Bank-Cajasur erosiaz; Caja de Ahorros del Mediterraneo-CAM erosteko operazio hutsegina bultzatuz ( eskerrak !, berarekin 20.000 milioiko zuloa baitzekarren !) eta aurrera begira tankera horietako operazioak proiektatuz , baita Kutxabank bera burtsara atera eta akzioen salmenta kontrolik gabea erraztuz. UPNko jauntxoek Nafarroan CANekin egin zutenaren antzeko etorkizun arriskua zabaltzen dute horrela.

Nik neuk, behintzat, ez nituzke geure ondasunak etafinantzak kudeatzaile horien eskuetan jarriko, ikusiak ikusita. Egokiagoa iruditzen zait EH Bilduk aurkeztu duen egitasmoa, jabetza publikoa izan eta bertoko finantzak euskal herritarron erabaki estrategiko-en zerbitzura jartzen dituen kutxa edo banku publikoarena. Egia esan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.