Ostegunero idazten ditudan zutabeak irakurtzen dituzuenok badakizue arazo latzak ditudala iraganeko pasadizoak birkontatzeko orduan, maiz katramilatu egiten zaizkidala ideiak buruan, halako moldez non galdu egiten baitut errealitatearen eta fikzioaren arteko marra.
Ez dakit. Agian horixe da idazleon patua, iragana —baita norberarena ere— fikzio bihurtzea. Agian ez. Ez dakit.
…Eta hau zertara zetorren? A bai... hauteskunde-kanpainaz hitz egin behar duk, Xabi…
Bibotea ikusi bezain pronto ezagutu nuen. Xabier Gurrutxaga zuen izena, eta Euskadiko Ezkerra alderdikoa zen. Nik 18-19 urte nituen, eta lehenengo aldiz eman behar nuen botoa. Mukizu bat baino ez nintzen, gaztetxo berde, txotxolo eta iraultzaile bat.
Pepelerdo erabatekoa, alegia.
ETAk egun osoko jarduna zueneko garaiak ziren, eta alderdiek lelo bera errepikatzen zuten mitin guztietan: «HBri botoa ematea ETAri botoa ematea da». Gurrutxaga irribarretsu hurbildu zitzaidan.
Nik ETAri ematen zioat botoa —erantzun nion zakarki, gaztelera ederrean.
Horra hauteskunde-kanpainei egin diedan ekarpenik handiena. Ikus dezakezuenez, ez da etxafuegoak botatzeko modukoa.
Orain, BERRIAk aukera eman dit nire ekarpenak beste era batera egiteko. Ez dakit nola aterako den, ezta zer idatziko dudan ere, baina, aurrekariak ikusita, ez du ematen iraganekoa gainditzea zaila denik. Edo bai.
Ez dakit.
Tira, banoa kalera. Gaur Basagoiti etorriko omen da auzora, eta nik 20 urte barru ere zerbait idatzi beharko dut…
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Boto-prontoan
Ekarpena
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu