IRITZIA

Elkarrekin taldean lan egiten

Joxemari Sors Bagüés
2020ko abuztuaren 1a
01:06
Entzun

Zure hitz berberak erabiliz, ez adiorik, Joan Mari. Zenbat amets eta proiektu partekatu ditugun zurekin Elkar Taldean. Hasiera-hasieratik izan zinen partaide, lehen urteetan sortzaile moduan eta gero gurekin elkarlanean. Zurea eta gurea ez ezik, Jakinen eta Elkar Taldearen arteko harremana beti izan da oso estua, elkar elikatu izan dugula esango nuke, batak bestea aitortu eta errespetatuz. Elkar Taldea Fundazio bihurtu zenean ere beste zenbait ekarpenen artean zureak ere hor izan ziren.

Elkarrekin ikasi dugu taldean lan egiten, taldea sortu eta elikatzen. Balioetan oinarritutako taldea, Fundazioa, eratzen saiatu gara: euskal hizkuntzan eta kulturan zentraltasuna jarriz, gizartearen zerbitzuko, arlo soziala babestuz, berrinbertsioa gauzatuz, askatasunetik lan eginez. Balio horiek denak zurekin partekatu izan ditugu, Elkar Taldean zure engaiamendua handia izan da. Bertako lehendakaria izan zara, gaur egun lehendakariordea zinen, azken ordura arte gurekin lanean jarraitu duzu, nahiz eta ez izan indar handirik. Gogoratzen dugu zenbateraino arduratua zinen azken bolada honetan bizi dugun egoera larri honetaz, kezkatuta zein ondorio izango dituen euskal kulturarako. Egon lasai, Joan Mari, hartu atseden, Elkarrek eta Jakinek aurrera egingo dute, beste zenbait proiektuk bezala, hitzematen dizugu; elkarrekin jakin izan dugu taldeak osatzen, jende militante eta profesionalak dauzkagu alboan, ez dute huts egingo. Zure indarra beti izango dugu alboan, gogoan izango ditugu zuk irakatsitakoak.

Joan Mari langile nekegabea zen, berea da esana: «Lana da niretzat osasuna». Azken momentura arte lanean jardun du, Elkarrek asko dio eskertzeko, Elkarrekin erabateko engaiamendua zeukan, eta Elkar zerbait bada, berari ere zor dio.

Mila esker eta ez adiorik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.