Ezker abertzaleak autokritika egin du. Bere kabuz. ETAren indarkeriaren ondorioei buruzko jarreraz autokritika egin du. Besteak beste, aitortu duETAk eragindako biktimekiko behar bezalako sentsibilitaterik ez duela izan eta bere jarrera politikoak mina areagotzea ekarri ahal izan duela. Biktimen aitortzarako urrats bat egin du. Alde bakartasunez. Bakardadean. Biktimen ezagutza prozesu bat da, ezin da burutu ekitaldi edo adierazpen batekin. Prozesu horren parte den neurrian, baliotsua da ezker abertzalearen urratsa. Nahiz eta gainerako eragileek aitortu ez edo gutxietsi.
Alderdi batzuen aldetik kritikak jasoko zituela espero izatekoa zen. Iragarrita zegoen. Aurreko egunetan Basagoitik eta Aresek kezka bera azaldu zuten, hots, ezker abertzalearen eta aliantza subiranistaren arrakasta. Ezker abertzaleak sustatutako aliantza hauteskundeetan garaitzeko estrategia bat aldarrikatu zuen Aresek. Ikuspegi horrek azaltzen du ezker abertzalearen urratsa gutxiesteko jokabidea.
Hala ere, gainerako eragileen erreakzioetan deigarria izan da autokritikarako gaitasunik eza. Iturburu bakarreko indarkeriaren teoriari helduta, bestelako biktimak aitortzeko urratsik egin ez, eta bakoitzaren erantzukizun zatia onartu gabe jarraitzen dute. Egia ezkutuan gordetzeko ahalegin hori alferrikakoa izango da, lehenago edo beranduago azaleratuko baita. Gehiegikeria polizialen ondoriozko biktimei buruzko dekretuak azaleratuko du errealitate hori. Izozmendi baten punta baino ez da izango. Duela egun batzuk, Maixabel Lasak onartu egin du estatuei ere badagokiela beren erantzukizun zatia aitortzea. Iritsi beharko du urrats horrek, batzuek ukatzen eta atzeratzen tematu arren. Ez da erraza izango, beste errealitate hori azaleratzen den neurrian indarkeria bakarraren teoria eta garaile/garaituen kontakizuna hutsean geldituko baitira.
Biktima guztien aitortze bidean egindako urratsaz gain, ezker abertzaleak konponbiderako eredu integrala aurkeztu zuen Kursaaleko ekitaldian, nazioarteko esperientzian oinarritutakoa. Trantsiziozko justiziaren beharra jarri zuen mahai gainean, neurri politiko eta juridikoen bidez indarkeria egoera batetik bake iraunkor eta bidezko batera igarotzen lagunduko duena. Eredu integral hori, gainera, bat dator Aieteko Adierazpenaren bide orriarekin.
Ezker abertzalea. Kursaaleko adierazpena. Analisia
Eredu integral bat
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu