Darwin eta gu

Eskuinak

Pastor
2011ko uztailaren 9a
00:00
Entzun
Arabako diputazioa eskuin espainiarrarentzat. Ezker Batuak EAJren alde egin ez izanak PPren eskuetan utzi du erakundea. EBk politikaz haratagoko kontuak eskatu omen dizkio EAJri negoziazioetan, mesede pertsonalak. Azkenean akordiorik ez, eta ahaldun nagusia PPkoa dugu. EBren erabakiaren ondorioei garrantzia kentzeko, popularrak eta jeltzaleak eskuindarrak direla argudiatu dute batzuek. Ez da horrela baina.

Eskuinak eta eskuinak daude, ezkerrak eta ezkerrak dauden bezala. PP Europako alderdi atzerakoienetakoa da. Bozetarako programa ekonomikoa osatzeko Raxoik Aznar jaunaren FAES fundazioari eskatu dio aholkua. Ezagunak dira erakunde neocon horren muturreko ideia kontserbadoreak. Abortatzeko eskubidearen eta homosexualen arteko ezkontzaren inguruan popularrek erakutsi duten jarrera ez da irekiagoa. Arlo horietan EAJ baino eskuinerago dago PP.

Baina bada besterik, eta hori alderdi bakoitzaren oinarrietatik atzeman daiteke. EAJk ez bezala, PPk diktadura bateko aparatuan du jatorria, Francoren diktadurako ministro ohiek sortutako alderdi batean: Alianza Popularrean (AP). Komeni da hori nabarmentzea beste korronte politikoen iragana behin eta berriro gogorarazten diguten egunotan. Alianza Popular alderdiaren birfundaziotik sortu zen PP. AP frankista eta falangista kameleoiek osatutako alderdia zen. PPk diktadurari buruz beti izan duen anbiguotasuna ulertzen laguntzen du horrek, popularren errebisionismo historikoa, frankismoaren krimenak ofizialki inoiz gaitzetsi ez izana. Ezker abertzaleari ETAren hilketak kondenatzeko eskatzen zaio. Noiz eskatuko zaio PPri frankismoaren krimenak gaitzesteko? Eskatuta ere, ez du egingo. Haren ustez, diktadurak ez zuen krimenik egin; gehienez ere, gehiegikeriak.

Espainiako eskuinaren benetako soziologia ere azaltzen du horrek, salbuespenak salbuespen: eskuin atzerakoia da, herrialdea jauntxoen cortijoa balitz moduan kudeatu nahi lukeena —cortijoa esan eta ez dakit zergatik, baina Javier Arenas señoritoa datorkit burura—. Eskuin espainolak Hego Amerikako eskuinaren antz handiagoa dauka Ipar Europako eskuinarena baino, baina normala da, azken batean munduko alde hori Espainiak kolonizatu baitzuen: nepotismoan eta eroskerian gustura mugitzen da; haren ustez, eskubide sozialak halabeharrez onartutako kontzesioak dira, ez herritar guztien ongizatea eta gizartean kohesioa eta justizia bermatzeko ezinbesteko tresnak. Espainiako eskuina ez da iraultza burgesetik jaiotako eskuin modernoa —eskuin frantziarra, esaterako—, sustraiakancien régimean errotuakdituen eskuina baizik. Espainian, obskurantismoaren garaiak ez daude hain urrun denboran: Inkisizioa 1834. urtea arte ez zuten behin betiko deuseztatu.

Ikuspegi nazionaletik ere badago alderik. PPk gurean zenbat eta botere handiagoa izan, orduan eta espainolizatuagoa Hegoaldea. Euskal Herria Espainiatik eta Frantziatik bereizitako errealitate moduan irudikatzen duenak badaki PP eta EAJ ez direla gauza bera. Lehenak Espainia batuaren esentziak gorde nahi ditu, Gaztela zaharraren espiritu katoliko elebakarra. Euskal herritarren erabakitzeko eskubidearen kontra dago eta subjektu politiko bakarra onartzen du: espainiar herria. EAJ erabakitzeko eskubidearen alde dago. Beste kontu bat da horren alde noraino iristeko prest dagoen arlo praktikoan.

Ezker Batuak eskuin espainiarraren eskuetan utzi duArabako diputazioa. Hasieran zaila bazen erabakia ulertzen, are zailagoa da orain, negoziazioetan erabakigarriak izan baitira, antza, nepotismoari eta eroskeriari lotutako arrazoiak. Hala izan bada, EBk Espainiako eskuin primitiboak bezalaxe jokatu du, eta eskuin primitibo horri eman dio boterea. Geroak esango du zeren truke eta zeinen mesederako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.