Espainiako Kontu Auzitegiak arrazoia eman die Iñaki Errazkin eta Ainhoa Intxaurrandietari, GHK-k eta Gipuzkoako diputazioak euren aurka zabaldutako auzian. Erraustegia geratzeak sortutako 46 milioi euroko galera euren gain hartzea nahi zuten diputazioko oraingo agintariek, horrek Intxaurrandietari eta Errazkini egingo zien kalte pertsonal handiari muzin eginda. Auzira jo zutenek ziotenez, norbaitek hartu behar zuen gipuzkoarrei egindako kalte ekonomikoa. Baina bumeran efektua hartu du auziak eurentzat.
Erraustegia finantzatzeko bi bankurekin sinatu zituzten swap finantza produktu espekulatiboek eragin zuten, batez ere, 46 milioi euroko zor hori. Izan ere, swapek behartzen zituzten Gipuzkoako erakundeak, erraustegiaren proiektuarekin aurrera egin edo ez, bankuekin sinatutako maileguaren interesak ordaintzen jarraitzera. Diputazioko eta GHK-ko orduko agintariek (EAJ eta PSE-EEkoek) bazekiten Bildu diputaziora iritsiz gero, erraustegiak bide motza eduki zezakeela, eta, hala ere, swapen arriskua hartzea erabaki zuten.
Kontu Auzitegiak aitortu du Intxaurrandietak eta Errazkinek programan agindutakoa bete egin zutela, eta, beraz, ez dutela zertan euren gain hartu 46 milioi euroko zor hori. Eta, hori hala izanik, galdera berez dator: Intxaurrandieta eta Errazkin ez baziren arduradunak, nortzuek dute ardura gipuzkoarrei eragindako milioi askotako kalte ekonomiko horretan? Agian kontratuaren azken tramiteak korrika eta presaka egin zituzten agintariek zerbait esan beharko lukete horri buruz, jakin baitzekiten diputaziora iristera zihoazen politikari berriak ez zeudela ados haiek martxan jarritako proiektuarekin, eta kalte batzuk, behintzat, saihets zitzaketela.
Bigarren mailako kontua izan daiteke hori, baina. Zeren eta kontu auzitegiak emandako epaia garrantzitsua da, batez ere, beste ikuspegi batengatik: Legitimitatea ematen diolako proiektu politiko ezberdinak martxan jartzeko aukerari, baita erraustegia bezalako makro-proiektu handietan ere. Alde horretatik, etorkizunez betetako arma bat da epaia.