ETAren jardun armatuaren amaiera. Analisia

Euskal Herriak ETAri zor dionaz

martxelo otamendi
2011ko urriaren 23a
00:00
Entzun
Errelatoaren kanila zabalduta dago, eta zabaldu dutenek kolore bakarreko likidoa isurtzea nahi dute. Hurrengo urteotan trendig topic-a izango da errelato hitza euskal politikaren hiztegian. Errelato gora, eta errelato behera; baina bakarra.

Eta errelato uniforme horren aldeko apustua handia izango da, oso handia, ezker abertzale berrituak arrakasta sozioelektorala lortzen duen neurri berekoa. Alegia, zenbat eta arrakasta handiagoa izan ezker abertzale berrituak, orduan eta errelato gogorragoa izango da ETAren eta ezker abertzalearen historiaren aurka. ETArik gabe ezker abertzalea ahul eta itsasargirik gabe geratuko zen iragarpena egin dute askok azken hamar urteotan, arreta handiagoa jarriz hesteak agintzen zien argudioan, buruak agintzen zienean baino. Esan gabe doa iragarpen horrek porrot egin duela, eta haren teorikoek, erridikulua. Hesteei kasu egitearen ondorio krudela.

Gizarteak bizkarra eman balio ezker abertzale berrituari, hauteskundeetan baztertu balu, eta sozialki ezdeus izatera kondenatu balu, errelatoak ez zukeen garrantzi handirik izango, gizarteak berak egingo zukeen errelatoa. Baina ez zen horrela gertatu Bildurekin, eta ez du ematen Amaiurrekin gertatuko denik. Guztiz alderantziz, inoiz baino gertuago dago ezker abertzale berritua aurreneko aldiz hegemoniko izatetik, abertzaleen esparruan behintzat. Horregatik hartzen du indarra errelato gogorrak, ezker abertzalearen historia txirtxilatu nahi duen errelatoak.

Errelato gogor hori brotxa lodiarekin marraztu nahi da, ñabardurarik gabe, oro estaltzaile. «Euskal Herriak ez dio ezer zor ETAri» da modako sententzia egunotan. Urkulluk berreskuratu du iraganean Imazek eta Egibarrek esandakoetatik. ETAren historia luzea da 1959ko udan sortu zutenetik, luzea bezain korapilatsua.

Zer giro zegoen Hego Euskal Herrian ikasle batzuek erakunde separatista eta subertsibo hura sortzea erabaki zutenean? Frankismoa puri-purian, oposizioa ihes eginda eta apenas mugimendurik barnealdean. Ez Espainian, ez Hego Euskal Herrian. Gurean EAJ zen ia erreferente bakarra; errepresioak behartuta, oso aktibitate ahularekin. Jeltzaleen jarrera pasiboarekin ados ez, eta egoera hura iraultzeaz gain euskal askatasunen alde borroka egitea helburua zuen ETA erakundea sortu zuten Txillardegik, Benito del Vallek, Julen Madariagak eta gutxi batzuek. Esan liteke, inolako ñabardurarik gabe, Euskal Herriak ez diela ezer zor gazte ausart, kontzientzia astintzaile eta berpizkunde eragile haiei? Zertan ari ziren, bada, garai hartan meritu guztia kendu nahi dietenen guraso politikoak?

ETAren ondoren, eta kasu batzuetan ondorioz, sortu zen gure herrian kantagintza berria, berritu zen literatura, antzerkigintza, kontzientzia nazionala, langile aldarrikapena, ikastolak, euskalduntzea eta alfabetatzea... ETAri ezer zor ez diogula esatea bezain okerra litzateke aseguratzea berpizkunde hura ETAk sortu zuela. Biak dira okerrak. Baina zaila izango da ukatzea ETAren sorrerak eta hark eragindako ilusioak eta ausardiak bultzatu zutela jende asko kontzientzia hartu eta lanean jartzera. Bakoitza bere esparruan. Zeharkako eragilea izan zen, eta prozesu hura dezente atzeratuko zatekeen ETA gabe.

Oso bestelako lana da ETAk izan duen bilakaera luzean bakoitzak bere gustuko ETA bilatzea. Geltoki asko (jaisteko eta igotzeko) dauzka ETAren jardunak: Sorrera (1959), Manzanas (1968), Carrero Blanco (1973), Francoren heriotza (1975), amnistia (1977), Espainiako Konstituzioa (1978), Hego Euskal Herriko bi autonomiak (1979),ETApm-ren disoluzioa, Yoyes (1986), Hipercor (1987), Aljer (1989), Ordoñez (1995), Blanco (1997), Lizarra-Garazi (1998), Korta (2000), Aralar (2001), T-4 (2006), Uria (2008)...

Jende asko jaitsi da, zilegitasun osoarekin, goiko geltoki horietako batean. Arrazoi moral edota politikoengatik. Eskubide osoarekin. Espainiako eta Kataluniako sektore progresistetan sinpatia handia sortu zuen ETAk, denborarekin eta egindako atentatu batzuekin ia erabat galdu zuena.

Frankismoaren erdian, 1959an, abertzaletasun tradizionala lokartuta zegoen unean, mugimendu ausart hura sortzeko kemena eduki zuten Txillardegi, Madariaga, Del Valle eta abarri Kursaalean edo Euskaldunan merezi bezalako omenaldi handia egiteko odolik ez ote daukagu zainetan?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.