Darwin eta gu

Ez ligatu ezezagunekin

Pastor
2011ko abenduaren 3a
00:00
Entzun
Facebook, ezezagunak, sexua, hiesa ... Hitz horien arteko lotura erabili du Gurutze Gorriak Polonian, gaixotasun kronikoaren kontrako kanpainan eginiko iragarkian (http://www.youtube .com/watch?v=TZDXoghu-5o&feature=results_video&playnext=1&list=PLD1C32A366253C3B6). Ostegunean Hiesaren Aurkako Nazioarteko Eguna izan zen, eta iragarkia horren harira kaleratu dute. Gurutze Gorriaren helburua zein den ez dago argi, baina: herritarren sexu heziketa hobetzea edo harreman mota batzuk gaitzaren iturri bihurtzea.

Izan ere, iragarkian halako irudiak agertzen dira: sare sozial bateko txata ordenagailuan; ondoren, gazteak festan dantzan: garagardoak, barreak ... Halako batean, neska baten lehen planoa: begiak, irribarrea, ezpain desiragarriak. Hari begira dagoena —mutila, antza— liluraturik dago, eta harekin joan da. Etxean, neska bainugelan sartu eta ia biluzik irten da handik. Oherantz joan da, eta haren tanga beltza eranzten hasi dira esku batzuk. Badirudi pelikulako onena hastear dagoela, baina ez. Bat-batean, Cinema Paradiso, poloniar erara: Gurutze Gorriak artaziak atera eta eszena moztu du. Pantailan mezu hau azaldu da: Neska seropositiboa da. Orain zu ere bazara. Bizitza ez da Facebook. Ez onartu ezezagunen gonbidapenik.

Bazegoen iragarkia bestela egitea: neskak tangaren atzeko alde mehean kondoi bat lotuta eramatea, esaterako. Edo hura komunetik irten bezain laster mutilak preserbatibo sorta bat atera eta aukeratzeko ematea. Baina ez, Gurutze Gorriak mezu atzerakoia nahiago izan du: ez onartu ezezagunen gonbidapenik, are gutxiago Interneten bidez. Erakundearen estatutuen arabera, haren zeregin nagusietako bat gaixotasunei aurre egitea da. Alta, hiesaren kontra ez du kondoia aholkatzen. Txikitan hauxe esaten ziguten gurasoek: «Ezezagun bat hurbiltzen bazaizu, kasurik ez egin». Orain ere, antzera: «Kontuz ibili, ez enroilatu ezezagun batekin! Haren aitatxo eta amatxorekin txokolatea eta txurroak dozena bat aldiz jan arte, ez ausartu hari tiramisua edo cantuccinia jaten». Orduan bai, ezaguna izango da, fidagarria, kondoi barik egiteko modukoa. Analisi klinikoak ez, haren amak argituko dizu zalantza, igandean kafea hartzen ari zareten bitartean: «Kondoi gabe egin dezakezu lasai asko, gure alaba (edo semea) garbi dago eta».

Iñaki Azkunak lezio ederra eman zuen Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburua zen garaian. Hiesaren kontrako kanpainaren aurkezpenean kondoi bat atera zuen hedabideen aurrean, eta hitz hauek esan zituen, gutxi gorabehera. «Inor ez dadila engaina: hauxe da hiesetik babesteko modua». Azkunak ez zuen abadearena egin. EAEko osasun arloko arduraduna zen, eta pragmatismoz jokatu zuen. Alde handia, ia bi hamarkada geroago Espainian asmatu zuten kanpainarekin, Aznar presidentea zenean: Hiesa: zalantzarik baduzu, deitu. Eta telefono zenbaki bat. Zalantza? Zer zalantza? Kondoia nola jarri behar den?

Madrilen bazuten zer ikasia Margaret Thatcherren gobernuak 1986an bultzatutako kanpainatik. Moral kontuetan britainiarrak oso pragmatikoak dira, espainiarrak ez bezalakoak —Jeremy Bentham, utilitarismoaren aita, Houndsditchen jaio zen, ez Carrion de los Condesen—. Urte hartan zuri-beltzezko milaka afixa erraldoi eskegi arazi zituen, kaleetan, Edwina Currie Osasun ministroak. Haietako batean bikote bat agertzen zen, ohean elkarri bizkarra ematen, itxuraz sexu harremanak izan ostean. Kanpainaren leloa hizki handiz agertzen zen: Hiesa: ez hil ezjakintasunagatik. Eta azpian, beste testu bat: Pertsona batekin oheratzen zaren bakoitzean ez zara bakarrik harekin oheratzen ari. Lehenago harekin oheratu diren pertsona guztiekin ere oheratzen ari zara. Kondoia erabili.

Hogeita bost urte geroago, mezu horrek ez du indarra galdu. Batez ere, ezezagunak ezagutzen badituzu. Batez ere, haien gonbidapenak onartzen badituzu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.