Lehen itzuliak EH Bairen eskuan utzi zuen biharko bigarren itzulirako gakoa. Berehala bildu ziren sozialistak ezker abertzaleko zerrendako ordezkariekin, sostenguaren behar gorrian. Ohiko eskema aurkeztu zieten, Frantziako ezker-eskuinaren arteko jokalekuan ezkerra hobestea eskatuz. Galdera zehatzekin erantzun zien EH Baik, gakoa sozialisten esku utziz. Euskal Lurralde Elkargoaren sorrera, euskararen ofizialtasuna, presoen egoera, Anza afera argitzea edo bake prozesuarekiko engaiamendua hartzea eskatu zieten argiki. Ez hautagaien izenean, Parisko alderdiaren izenean baizik.
Erantzunak airean gelditu dira. Engaiamendu horiek hartzeko eskumenik ez dutela erantzun dute hiru hautagaiek. Ondorioz, boz hauturik ez duela emanen ebatzi du EH Baik.
Jarrera horrek herritarren esku uzten du aukera, eta guztien galdera da zenbat abertzalek emango dieten boza PSko hautagaiei, bihotzean ximikoa izan edo ez. Grenet eta Alliot-Marie sinbolo indartsuak dira, bereziki azkena. Baina sozialisten AHTaren aldeko engaiamenduak, gizarte politikan duten jarrera lausoak eta instituzioaren inguruan duten definiziorik ezak abertzale anitz etxean gelditzera bultzatuko dute. Alta, ezkertiar eta abertzale guztiek ez dute begi onez ikusi erabakia, eta auzapez batzuek sozialistei bozkatzera deitu dute. Koalizioak jakinarazi die EH Bairen erabakietatik at kokatzen direla.
Gainerateko mugimenduetan ezusteko gutxi. Sozialisten alde bozkatzea eskatuz edo zeharka eskuinaren aurka bozkatzera deitu dute Ezkerreko Fronteak eta Amalur koalizioak. Zalantzan, ezker muturrekoak. Zentristek, aho txikiarekin eta gogoa epel, UMPren alde egin dute, Lassalleren aulkia jokoan baita. Ordainean, UMPk haien alde bozkatzera deitu du 4. hautesbarrutian. Mortalena izan da zentristen salbuespen, sozialisten alde bozkatuko duela iragarri baitu. EAJk Lurralde Elkargoa sostengatzen duenaren alde bozkatzera deitu du, argitasun gehiagorik gabe.
Matematikak ez die segurtasunik ematen hautagaiei. Eskuinak abstentzioan bilatu behar ditu falta zaizkion bozak, eta sozialistek aldaketa gauzatuko den esperantzari atxiki, urduri.
Frantziako Legebiltzarrerako hauteskundeak. Bigarren itzulia. Analisia
Ezpatak oro airean, engaiamendu berririk gabe
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu