Dagoeneko 3 aste joan dira, geu "erakunde terroristari laguntzeko" delitutik absolbitu eta, Askapena erakunde internazionalistari ilegalizazioaren zama kendu zion epaiaren berri izan genuenetik. Hiru aste hauek garaipen zaporedun absoluzioaren ospakizunetan joan zaizkigu.
Maila pertsonalean ehunka militante presok, beren familiek eta lagunek beren espetxe-zigorren egun bakoitzean pairatzen duten errealitatea berriz bizi ez izatea lortu dugu.
Arlo juridikoan gure abokatuekin elkarlanean epaiketan zehar lortu genuen oreka gure absoluzioa azaldu ahal izateko gakoetako bat izan da. Oreka hori ezinbestekoa izan zen, batetik defentsa lege espaniarrek ezartzen dituzten tarte eskasetara doitzeko, baina bestetik lege-tarte horiexek gainditu eta aretoa barren-barrenean sentitzen ditugun aldarrikapenen bozgorailu bihur zedin.
Eta, azkenik, arlo politikoan, lortu dugun absoluzio hau garaipen handitzat hartzen dugu. Dagoeneko denboratxo bat pasata, egindako lanaren balorazioa egin dugu, eta uste dugu beharrezkoa dela gure jokabidea azaltzen duen logika azaltzea. Hain justu ere, noiz eta oraintxe, epaiketei aurre egiteko molde berriak mahai gainera agertu direnean, uste dugu garrantzitsua dela egindako ibilbidea balioetsi eta gure jokabidea motibatu duten arrazoiak ezagutzera ematea.
2015eko Otsaila hartan salaketak eta eskaera fiskala ezagutu genituenetik, gure herriaren askapen sozial eta nazionalaren aldeko borrokari zentzua eman izan dioten, eta gure ustez gaurkotasun osoa duten, bi ildo nagusiak bateragarri egiteko lan egin dugu: batetik indar batuketa, baina bestetik bere balioa biderkatzen duen beste gakoa, baldin eta espaniar eta frantses Estatuek ezartzen dizkiguten injustizia era bakoitzaren aurka konfrontazioa bilatzeko balio badu.
Auzi hau zabaldu zenetik eta gure absoluzioekin bukatu den arte, batuketaren alde egin dugu. Euskal Herrian eta kanpoan elkartasun maila asko eta askotarikoak batzearen alde egin dugu. Elkartasun horretan arlo guztietako sektoreak engaiatzea lortu dugu, instituzioetatik hasi eta herri mugimendurik erradikalenetaraino. Euskal Herrian zein nazioartean ospe handiko pertsonak batu dira, baina batez ere, Madril, Italia, Països Catalans eta gure herriko ehunka militante, agian inoiz argitzerik izango ez dugun engaiatze maila handiak hartu dituztenak.
Alabaina, motxilak elkartasunez eta konpromiso maila ezberdinez betetzeko prozesu hau garrantzitsua izan bada ere, berdin garrantzitsu edo areago izan da hasiera-hasieratik ideia bat argi utzi izana: indar batuketa hori estatuarekin talka egiteko tresna bat zela. Batu, epaiak epai, garaipena gurea zela esan ahal izateko baldintza egokietan egoteko. Zeren eta, Estatua Madril da, baina Euskal Herrian Estatua alderdiak, erakunde, pertsona, hedabide eta sektore asko dira, gurekin orpoz orpo absoluzioaren alde lan egin duten gehiengo politiko, sozial eta instituzional handiaren aurrean, bakarturik geratu direnak. Badira instituzioak, alderdiak, kolektiboak eta pertsonak lehenbizikoz interpelatuak sentitu direnak. Sektore batzuk, kasu batzuetan lehenbizikoz biziko zutenak kondena gintzakeen epai baten injustizia. Horregatik diogu arlo politikoan garaipena lortu dugula, eta epaia edozein zitekeela ere, garaipena gurea zela, gure herriarena.
Garen bezalaxe agertu gara, Herriak Libre bezalako ekimenen bidez, erasora pasa, eta Espaniar Estatu salatzailea -gizateriaren, herrien eta kulturen aurka egindako krimenengatik- salatu bihurtuz. Horregatik Madrileko LIBRE eta EHL-ekin inperioaren bihotzean egin genuen manifestazioak duen balioa neurtezina da; ez bakarrik gure buruetan, bertan izan ginen guztion bihotzetan baizik.
Ondoren, hainbat juristek eta pertsona solidariok auziaren gainean eginiko txostena heldu zitzaigun, berau eskuetan Europako hainbat bazterretan ibili ginen, lagunak egin eta Estatua salatuz, Estatua indartsu barik, ahul agertarazteko, hainbat herri eta pertsonen askatasun egarriari aurre egiteko eskubideak eta askatasunak urratzera beharturik.
Eta babesgunean lurreratu ginen. Ekimen hau gure "badaezpadako" espetxeratzea ekiditeko harresi politiko eta ideologiko gisa definitu genuen. Azkenean, luzerako aurreikusi genuen arren, bakarrik 4 egun bete genuen hor, nahikoak izan ziren, hala ere, planteamenduan zuzen genbiltzala egiaztatzeko. Herritarrak, erakundeak, instituzio kargudunak, lasterbidea, intsumisoak, preso ohiak, tabernariak, tartalariak, Kalekalde, eurolegebiltzarkideak, Iruñeko Herri Harresia, bazkariak, afariak… Babesgunea ez zatekeen ezeren bukaera izango, eta ez zen izan. Gure libre izateko determinazioa espazio horren mugen askoz harago zihoan. Agian noizbait helduko da eguna gauza bakoitzari bere izenez deitzeko, eta gure ametsa egia bilakatu eta posible izan zedin laguntzen ari zineten pertsona guztiei aitortza egiteko.
Gure ekimen zerrenda hau, ordea, ez dator hutsetik: epaiketa politiko deituriko horietan lehenago auzipetutako hainbat lagunek eskuz esku pasatako lekukoa jaso dugu. Eman ditugun urrats askoren atzean ezkutatzen den potentziala sinesgaitza eta agortezina da. Epaiketei aurre egiteko eskemetan desobedientzia erreferentzia nagusietako bat bezala hartzea agortzen ari zela zirudien unean, guri egindako bideak kontrakoa erakutsi digu hain zuzen. Ate bakoitzaren atzean ez dagoela oztopo bat, aukera bat baizik. Konfrontazio mailak sortzeko orduan izaten dugun zuhurtzia eta zalantzen aurrean, badaudela baliabideak eta horretarako gogoz dauden lagunak.
Beraz, orain, Abian eztabaida, -Zutik Euskal Herria prozesuan erabakitakoarekin bat-, zabal eta anitza aurkezten zaigularik, bada ordua, gure herriaren askapen nazional eta sozialaren aldeko prozesuari bultzada berria emate aldera, zein tresna erabiliko ditugun sakon eztabaida dezagun.
Guztiz zilegia da, gure ustez, 04/08 bezalako auzietan egindako hitzarmena, eta argi utzi nahi dugu auzipetu horiekin daukagun errespetua eta samurtasuna. Halaber uste dugu Ezker Abertzaleak ezin duela luzaroago eduki barne-diskurtso bat epaiketa politikoei aurre egiteko bi molde ezberdin zilegi egin eta baimentzen dituena, politiko eta ideologikoki bat bakarra elikatzen duen bitartean.
Epaiketa politikoei dagokienez, auzipetuak diren pertsonek konbetzimendu osoa izan behar dute, 04/08 auzian egindako hitzarmenen modukoak zein desobedientzia bezalako bideak, ez soilik Ezker Abertzalearen erronka politikoen parte direla, baizik eta kasu batean, zein bestean, bideak bide, jasoko duten babes publiko zein pribatua, berdin erreal eta erabatekoa izango dela. Horrez gain, gai baldin bagara konbentzimendu eta ziurtasun horiek gatazkaren beste ondorio batzuetara ere zabaltzeko, 04/08 auzian izandako planteamendua zabaldu litekeen beste militantzia horrengana, zalantzarik gabe aurrera pasua emango genuke.
Etapa hau bukatutzat ematen dugu honenbestez, baina ezin diogu idatziari amaiera eman, hau guztia, zalantzarik gabe, zuei esker posible izan dela azpimarratu gabe: bide luze honetan Euskal Herrian eta kanpoan motxilak elkartasunez, samurtasunez eta mugarik gabeko konpromisoz betetzen jakin duzuenoi esker. Zuek zarete ezinbestekoak.
Zuena da garaipena!
Gora Euskal Herria LIBRE eta internazionalista!
Askapenako bostak. Walter Wendelin, Aritz Ganbo, Gabi Basañez, Unai Vazquez eta Dabid Soto.