Pastor
Darwin eta gu

Gerra jokoak

2012ko apirilaren 14a
00:00
Entzun
Italiako kostaldean maniobra militarrak egitera joateko agindua eman zuen Israelgo Itsas Armadako buru Ram Rothenbergek apirilaren 1ean. Haifako hiru gerraontzitako soldaduak hamar eguneko ezusteko bidaia prestatzen hasi ziren estu eta larri, txantxetan zela jakin arte. Broma zen, apirilaren 1eko urteroko broma.

Israelek gertaera ikertzeari ekin dio, eta txantxak ondorioak ekarriko dizkio Rothenbergi, Times of Israel egunkariaren arabera. Jaurlaritza ere ikertzen ari da, kasu honetan Iñigo Cabacasen heriotza. Orain arteko ondorio bakarra: 2013tik aurrera Ertzaintzako elite taldeek baino ez dituzte erabiliko gomazko pilotak. Dena den, ertzainek nahi adina gomazko pilota jaurtitzen segituko dute ordura arte. Horixe esan zien poliziaburuak, harro antzean, Bilboko gazteari gertatutakoa gaitzesteko lehengoan elkartu ziren herritarrei.

Bromak eta bromak daude, eta, zenbaitetan, horien ondorioak ez dira txantxetakoak. Batzuek Italiara doazela diote, maniobra militarrak egitera. Beste batzuk «oreinak»—herritarrak—ehizatzera joaten dira. Zenbait ertzainek beren burua grabatzen dute sakelako telefonoetan furgonetatik irten baino lehen, balentria lagunei erakusteko gero —ez dut asmatu—. Jokaera horiek salatzea politizatzea omen da, baina.

Horixe leporatu diote ezker abertzaleari «Ertzaintzak jaurtitako gomazko pilota baten ondorioz» hildako gaztearen kasuan —hain zaila da «Ertzaintzak hildako gaztea» idaztea?—. Ez omen du familiaren dolumina errespetatu. Familiaren mina, arlo humano eta pribatua, errespetatu egin behar da. Ez da zuzena Cabacas gogoan senideek eta lagunek deitutako ekitaldietan lelo politikoak aireratzea. Hori bideratzeko bada beste modu eta momenturik. Hildakoaren gertukoak horren kontra badaude, biktimak politikarekin zer ikusirik ez zuelako, nahi hori errespetatu, heriotzak konnotazio politikoak izan arren —bestela, zergatik errepikatu Cabacas hil zuten lekutik hurbil herriko taberna bat dagoela? Ertzaintzaren oldarraldia justifikatzeko? Ez al da hori politika egitea?—.

Kontua desberdina da ekitaldi jakin horietatik at. Gizakiak erantzukizun pertsonal eta soziala du. Ulergarriak eta errespetagarriak dira atsekabea eta dolumina. Hala ere, eremu pribatu horretatik kanpo ere injustizia ez salatzea, isiltzea, konplize bihurtzea da. Ertzaintzaren kudeaketak eta jokaerak guztioi eragiten digute, gizarte osoari, eta geroan ere ondorio latzak ekar ditzakete. Dolumina eta errespetua, bai; erantzukizun pertsonal eta soziala, ere bai. Erantzukizun horri muzin egiteko eskatzea «betikoei» jokoa ez egiteko beste «betikoei» jokoa egiteko eskatzea da.

Dena politizatzen da. Adibideak edonon ditugu. Pernando Barrena politika egiten ari da edukiontzi batek pertsona baten bizitzak baino gehiago balio duela dioenean? Bai, noski. Cabacasen heriotzaren lekukoei jaramonik egin gabe lauzpabost egunean hainbat zalantza nahita hedatu dituztenek ere politika egin dute. Kritika sakonik egin gabe Ertzaintzarekin elkartasuna bultzatu dutenek ere politika egin dute. Ezezagunek kutxa automatikoak erre eta gero, egunkari batek «Bandalismo 'antikapitalista' Santutxun» titulatzen duenean, albistea politizatzen ari da. Hedabide berak «Abdulek apirilean pairatuko du etxetik botatzea» titulua jartzen dionean albiste bati, «Abdulek apirilean pairatuko du bankuen bandalismo 'kapitalista'» jarri beharrean, orduan despolitizatzen ari da. Edo politizatzen, despolitizatzea, azken batean, politizatzeko beste modu bat delako.

«Zertarako nahi duzue euskal polizia? Euskal herritarrei tiro egiteko eta espainiar agintarien aurrean makurtzeko?». Hebrongo palestinarrak bazekien Ertzaintzaren jardueraren berri, 2002an. Orduan, Israelgo Armadak setiaturik zuen Jasser Arafat, Ramallahen, eta gerraontziak zeuden Haifako portuan. Orduan, Balza zen Herrizaingo sailburua, ez Ares. Eta ertzainak zeuden Bilboko kaleetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.