Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Analisia

Gizalegez

Koldo Aldabe.
2011ko azaroaren 5a
00:00
Entzun
Frankismoaren osteko lehen hauteskundeetan maiz gertatu zen alderdi politiko batek mitinerako erabilitako aretoa beste batek erabiltzea lehenbizikoak amaitu bezain laster, eta beste batek ere gauza bera egitea ondoren. Mitinetara zihoan jendea ere maiz geratu zen hurrengo alderdiaren ekitaldian. Informatu, proposamenak erkatu eta botoa erabakitzeko zuzeneko harreman gosea eta beharra zegoen, egun esku artean dugun teknologiarik ez eta.

Urteak igaro dira ordutik, eta gauzak asko aldatu dira. Urteetan alderdiek saihestu egin izan dute beste alderdiren baten ekitaldiaren inguruetan berea antolatzea, besteak beste inork erka ez zezan baten eta bestearen jendea biltzeko gaitasuna. Alderdien arteko eta euren boto-emaileen arteko harremanak ere ez dira egokiak izan halakorik gerta zedin.

Atzo hasitako hauteskunde kanpainan, aldiz, gauzak aldatu diren seinale bat baino gehiago izan dira. Arrasatekoa nabarmena. Maite Aristegik eta Odon Elorzak espazio bera okupatu dute merkatuan zebiltzan herritarrei boto eskean, eta elkarrekin solasaldia ere izan dute. Amaiurreko eta PSE-EEko prentsa eta kanpaina arduradunek eztabaidarik gabe adostu dute nork bere kanpaina patxadan egiteko modua.

Alderdiek galdu ei dute besteak jende gehiago bilduko duen beldurra. EAJk eta PPk Oionen egin zituzten atzo iluntzeko ekitaldi nagusiak, ordu erdiko tartearen alde soilarekin. Bihar ere topo egingo dute popularrek eta jeltzaleek, Donostian, Kursaalean, lehenek 11:00etan eta bigarrenek 12:00etan egingo baitituzte eguneko ekitaldi nagusiak.

Garai berrietako adierazle izango dira horiek. Baina garai berrietakoak beharko ez luketenak ere badira zenbait, Amaiurren Senaturako hautagai Joseba Compainsek kanpaina hasierako gauerdian jasan zuen erasoak ez baitu zerikusirik indarkeriarik gabeko egoera batekin. Tartek (frantses merengea eraman edo ez) zaplaztekoek, jazarpenek eta mehatxuek baino kalte eta min handiagoa egiten dutela pentsatzen dutenak badira oraino. Odon Elorza izan da Compainsen aurkako erasoa salatu duen lehiakide politiko bakarra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.