Darwin eta gu

Gosea Salzburgon

Pastor
2011ko abuztuaren 6a
00:00
Entzun
Siriako irudiekin bazkaltzen ari gara egunotan, eta Libiakoekin afaltzen. Somaliako gosetearen irudiak ere erakusten dizkigu telebistak, baina askoz gutxiago. Gure laguntza humanitarioa bertara heltzen denean izango da momentua. Bitartean ez da komeni jangelan ume gosetuen sabel puztuak ikustea. Siriako errepresioaren odola ondo ezkontzen da gure platereko txuletoiaren zuku gozo gorriarekin. Afrikako ume horien begirada galdua, ordea, ez.

Salbuespenak salbuespen, Europako alde honetako 50 urtez beherako herritarrok ez dakigu zer den benetako gosea, gizakia osotasuna eta duintasuna txikitzeraino makurrarazten duen gosea. Ogi puska bat lurrera erortzen bazaigu, hiru aukera ditugu: bertan utzi eta ez jaso; jaso, behar bezala garbitu eta jan; jaso eta garbitu gabe jatea —desesperatuta gaudelako edo, saiatuta ere eta guztiz garbitu ez dugun arren, jan beste erremediorik ez dugulako—. Gu hiru maila horietako bigarrenera iritsi gara, gehienez. Hirugarrenera, ez. Laugarren mailaren arrastorik ez dugu: ogia irudikatzea, sukarrak hartuta ia-ia, ogi hori zoro moduan zaborretan bilatzea.

Jean Ziegler, NBEren elikatze eskubidearen kontseiluko kontalari berezi ohia, hitzaldia ematera gonbidatua zen Salzburgoko jaialdiaren irekiera ekitaldian. Azkenean betatu egin dute baina. Mendebaldean ez dago zentsurarik, ez horixe, baina Ziegler persona non grata izendatu dute Salzburgon, gosearen kontrako laguntzak gero eta eskasagoak direla salatu nahi zuelako: «Bost segundotik behin ume bat hiltzen da gosez. Ez dago dirurik, dirua bankuak salbatzeko erabiltzen baita», esan behar zuen ekitaldian. Zieglerri atea ixteko arrazoia Gaddafirekin harremanak dituela argudiatu dute Salzburgon, NBEko kontalari ohiak Libiako buruzagia «psikopatatzat» jo izan duen arren. Boikotaren benetako arrazoia, Zieglerren iritziz, jaialdiaren babesle handienen presioa izan da: Nestle jaki enpresarena eta Credit Suisse bankuarena. Biak suitzarrak dira, Zieglerren modukoak. «Gustura asko egingo nuke irekiera hitzaldia» —esan zion irakasleak Kurier egunkari austriarrari apirilean—«hor esertzen direnak aberats okituak dira. Ordu erdiz entzutekoak entzun beharko lituzkete, ateak itxita. Ez lukete alde egiterik izango». Ez da hala izan. Zieglerrek liburuxka batean atera behar izan du bere testua—Der Aufstand des Gewissens, Kontzientziaren matxinada— ecowin-Verlag argitaletxean, uztailaren amaieran, Salzburgoko jaialdia hastearekin bat.

Azken hamarkadetan gosea gure mugetatik kanpo gertatu da ia beti, hirugarren mundua delakoan. Uste baino gehiagotan bertako herritar eta agintarien ezgaitasunari lotu diogu izurrite horren arrazoia. «Beltz horiek ez dakite euren burua gobernatzen, badakizu». Orain, askonahiak eta lukurreriak gurean eragin dute krisia. «Zuri horiek ez dakite euren burua gobernatzen. Merkatuari begira daude orain, beldurrak akabatzen», pentsatuko dute afrikar gosetuek.

Gure spa gizartearen krisiak ez die gehiegi eragingo. Gehien jota, gure errukia lehortu egingo da: laguntza gutxiago bidaliko diegu, eta ez dugu dirurik izango haien aldeko 3D kontzertu erraldoia ikusteko txartelak erosteko. Haiek gosez hiltzen segituko dute, baina horrek ez dio ardura finantzen munduari. Merkatuek ez dute kontzientziarik, eta Salzburgoko mezenasek poltsikoan dute bihotza. Aberats okituen ustez, ez da haien errua fatalismo demografikoak lurralde idorretan kokatu bazituen gizaki behartsuenak. Horiek Afrikan gosez hiltzera kondenatu bazituen jainko beltzak, zergatik salbatu behar ditu Europatik jainko zuriak?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.